D'Hondt sistema, ariketa matematiko hutsa

D'Hondt sistema XIX. mendearen amaieran asmatu zuen Victor D'Hondt-ek eta munduko hainbat herrialdeetan erabiltzen da, nahiz eta alderdi handiak saritu eta txikiak kaltetzen dituen.

jon ordonez garmendia
2011ko azaroaren 20a
00:08
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan D'Hondt sistema erabiltzen da eserlekuak banatzeko. Sistema horrek eztabaida asko eragiten ditu, alderdi handiei egiten dielako mesede txikien kaltetan, baina mundu osoko hainbat herrialdeetan erabiltzen da, Espainiaz gain, Argentinan, Frantzian, Belgikan, Finlandian, Israelen eta Japonian, besteak beste.

Victor D'Hondtek asmatu zuen bere izena daraman sistema, XIX. mendearen amaieran. Hori erabiliz eserlekuak ez dira proportzionalki lortutako botoen arabera banatzen, baina ariketa sinple bat eginda uler daiteke nola egin. Lurralde batean eserlekuak nola banatuko diren kalkulatzeko lehenik eta behin bi datu izan behar dira esku artean: alderdi bakoitzak jasotako boto kopurua eta lurralde horretan banatuko diren eserleku kopurua.

Espainian emandako botoen %3 lortu ez dituzten hautagaitzak zuzenean banaketatik kanpo geratzen dira. Beraz, egin beharreko lehen ariketa %3 hori gainditzen duten hautagaitzen boto kopurua hartzea da. Ondoren alderdi bakoitzaren boto kopurua zatitu egin behar da lurralde horretan banatzekoak diren eserleku kopuruarengatik, hainbat bider.

Adibidez:

Demagun, probintzia batean bost eserleku banatu behar direla, eta hiru hautagaitzek lortzen dutela botoen %3 baino gehiago:

A alderdiak: 80.000 boto
B alderdiak: 65.000 boto
C alderdiak: 23:000 boto

Kopuru horiek bost aldiz zatitu behar dira: zati bat, zati bi, zati hiru, zati lau eta zati bost. Hau litzateke emaitza:

A alderdia: 80.000 (zati 1) / 40.000 (zati 2) / 26.666 (zati 3) / 20.000 (zati 4) / 16.000 (zati 5)
B alderdia: 65.000 (1) / 32.500 (2) / 21.666 (3) / 16.250 (4) /  13.000 (5)
C alderdia: 23.000 (1) / 11.500 (2) / 7.666 (3) / 5.750 (4) / 4.600 (5)

Modu horretan kopuru horiek banaka hartuta kopuru handiena duenak bereganatuko ditu eserlekuak, alegia lehen bost kopuru handienak dituztenak. Adibidean A alderdiarentzat izango litzateke lehenegoa 80.000 botorekin, B-arentzat bigarrena 65.000rekin, A-rentzat hirugarrena 40.000rekin, B-rentzat laugarrena 32.500ekin eta A-rentzat bosgarrena 26.666. C alderdiak boto gutxi batzuengatik (3.667) galduko luke azken eserleku hori.

Gaur egun eztabaidagarria bada ere, XIX. mendean zentzu osoa zuen sistema horrek gobernu sendoak osatzeko beharrezkoa baitzen ordezkaritza sinplea bideratzea. Errazagoa da beti hiruren artean ulertzea, zazpiren artean ulertzea baino; horrek gobernagarritasuna erraztu eta oposizioa ordenatzen du. Aditu politikoek diote, ordea, gaur egun ez dela batere sistema bidezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.