Departamenduko bozak

Di Fabio: "Herri elkargo mailan egin behar da ofizialtasuna"

Uztaritzeko, Errobiko ibarreko eta Urdazuri kantonamenduko hautagaiak izan dira solasean euskal hedabideek antolaturiko hirugarren mahai inguruan. Euskara eta laborantza izan dituzte hizpide, besteak beste.

Saran egin dute hirugarren mahai-ingurua. @EUSKALHEDABIDE
2015eko martxoaren 18a
07:55
Entzun

Igande honetan eta hurrengoan eginen dira departamenduko bozak Ipar Euskal Herrian, eta haiei begira eginen dituzten hiru eztabaida publikoetako azkena egin dute Saran (Lapurdi), Lur Berri aretoan.

Uztaritzeko, Errobiko ibarreko eta Urdazuri kantonamenduko hautagaiak izan dira solasean: Jean Louis Laduche (independentea), Battitt Laborde (independentea), Joana Urbistondo (EH Bai), Joel Di Fabio (Departamenduko ezkerra) eta Francis Gellie (EAJ).

Euskara jorratu dute, besteak beste. Urbistondo: "Euskara gizartean beharrezkoa dela erakutsi behar dugu". Gelliek, berriz, uste du jendeari lagundu eta euskara bultzatu behar dela, "baina ez behartu". Hizkuntzaren ezagutza areagotzeko, gurasoetan jarri du fokua Laduchek: "Gurasoak formatu behar dira, guk gure gurasoekin ikasi dugu". Euskara eta lurralde elkargoaren aldarrikapena uztartu ditu Di Fabiok: "Herri elkargo mailan egin behar da ofizialtasuna. Herri elkargo baten baitan egiten ahal da".

Laborantzaren alorrean, berriz, Di Fabiok defendatu du "tokiko aterabideak" behar direla: "Laborantza Ganbara horren bultzatzailea izanen da". Erabaki esparruaz mintzo da Urbistondo: "Hemen erabaki ahal izan behar dugu laborantzarentzat, gure batailan hori izanen da".

Lehenengo mahai inguruan, Mendialdeko kantonamendu berrian aurkeztu diren bikoteetako ordezkari banak parte hartu zuen eztabaidan, norberak berearen defentsan. UMPko Olivier Carasco, EH Baiko Leonie Agergarai, ezker independenteko Jacqueline Sardon, eskuineko Pepela Mirande, EAJko Itxaro Bethart eta Ezkerreko Fronteko Pierre Etxekopar jarri ziren mahaian. Departamenduko kontseilari izanez gero eginen lituzketen proposamenak zehaztu zituzten, Pantxika Maitia eta Jojo Bidarten gidaritzapean.

Bigarrenean, iragan astelehenean, Hendaia kantonamenduko sei hautagaiek martxoko departamenduko bozak izan zituzten mintzagai, Urruñan. Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Pantxika Maitia aritu ziren aurkezpen eta moderatzaile lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.