independentzia

Diadan eta Eskozian izango da Udalbiltza

Etzi Bartzelonako V mobilizazioan parte hartuko du, ANCk gonbidatuta. EH Bilduk ere ordezkaritza bidaliko du Bartzelonara eta Edinburgora, eta "erantzun artikulatu bat" nahi du Kataluniako egoera dela eta.

Espainiako Kongresuaren atarian, atxikimendua adierazi diote Diadari hainbat diputatuk. @AMAIURINFO
enekoitz esnaola
2014ko irailaren 9a
19:55
Entzun

Udalbiltzak etzi Kataluniako Diadako ekitaldi nagusian parte hartuko du, gaur jakinarazi duenez. Maite Iturre Udalbiltzako lehendakariorde eta nazioarteko harremanetarako arduraduna, Iratxe Lopez de Aberasturi lehendakariordea eta Xanti Kiroga erakundeko zuzendaria Bartzelonako V mobilizazioan izango dira, ANC antolatzaileak gonbidatuta.

Bihar, berriz, Kataluniaren independentziarako udalen elkarte AMIrekin bilduko dira, Montblanc herrian (Tarragona, Katalunia).

Udalbiltzako ordezkariak iaz ere izan ziren Diadan.

Datorren astean Iturre Eskoziara joango da, hilaren 18ko independentzia erreferenduma bertatik bertara jarraitzeko.

EH Bildu ere bai

EH Bilduren ordezkaritza zabal bana ere izango dira etzi Bartzelonan eta 18an Edinburgon. Pello Urizar, Pernando Barrena, Maite Ubiria, Lorena Lopez de Lacalle, Maite Iturre, Jon Iñarritu, Asier Vega, Amaia Agirresarobe eta Inaki Irazabalbeitia joango dira Kataluniara, eta Josu Juaristi, Pello Urizar, Maribi Ugarteburu, Jon Iñarritu, Lorena Lopez de Lacalle, Maite Iturre eta Inaki Irazabalbeitia Eskoziara.

Bi prozesu horiei babes osoa eman die EH Bilduk, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko erakutsi duten determinazioa zoriondu dute.

Euskal Herrian ere bide hori egin nahi du koalizioak, eta lan horretan ari dela jakinarazi dute Maribi Ugarteburuk eta Pello Urizarrek, Rebeka Uberarekin eta Oskar Matuterekin egindako agerraldian. "Martxan gaude".

Kataluniako galdeketa debekatuko balitz, Euskal Herritik "herri gisa" erantzun bateratua emateko aukera ere lantzen ari da koalizioa. Horretarako, eragileekin harremanetan jartzeko asmoa duela iragarri du. "Kataluniari ixten zaion ate bera da guri ixten zaiguna", arrazoitu du balizko ezezkoari Euskal Herritik erantzun bateratua emateko nahia. "Katalunia babestea geure burua babestea da".

Bestetik, hilaren 18an, Eskoziako erreferendum egunean, erabakitze eskubidearen aldeko mobilizazioak egingo ditu EH Bilduk herrietan, eta Eskoziako banderak jarriko ditu udaletxeetan. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mozioak ere aurkeztuko ditu udaletan.

Katalunia, "erantzun artikulatua"

Hasier Arraiz Sortuko Kontseilu Nazionaleko presidenteak irrati kate batean esan du Katalunia Espainiako Estatuaren aldetik jasotzen ari den "ukazioa" dela-eta "Euskal Herrian erantzuna artikulatu" nahi dutela. Horregatik, eragileekin bilera sorta hasiko du Sortuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.