Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bakerako, Elkarbizitzarako eta Normalizazio Demokratikorako lantaldeak etxerako lanak zehaztuta amaitu du lehen bilera: talde txostengileak irailerako egin beharko du egoeraren diagnosia, «erronka, helburu eta lan jakin batzuk» zehaztuta. Irailaren 17rako aurkeztu beharko du diagnosia talde txostengileak. Horretarako, bertako kideek egoeraren azterketa egingo dute, eta haien ustez talde txostengileak bete behar dituen helburuak lortzeko egin beharreko lana ere zehaztuko dute.
«Ez da batere erraza»
Rafaela Romerok eman du lantaldearen lehen bileran adostu dutenaren berri, eta erabakia aho batez onartu dutela nabarmendu du. PSE-EEren batzarkidea da Romero, eta Bakerako, Elkarbizitzarako eta Normalizazio Demokratikorako talde txostengilearen presidentea. Romerok azaldu duenez, datozen bi hilabeteetan ez da bilduko lantaldea; ETAk indarkeria behin betiko utzi duela iragarri ondotik gaur egun bakeari, elkarbizitzari eta normalizazioari dagokionez egoera zer-nolakoa den aztertzeko lanari ekingo diote taldeko kideek, irailean lehen diagnosia idatzia izan dezaten. «Ez da batere lan erraza», ohartarazi du Romerok.
Lan zaila izango da, lantaldeko kideen aniztasuna kontuan hartuta. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi ia-ia guztietako kideek osatzen dute taldea; PPkoek ez beste alderdi guztietakoek.
Gogotsu
Baina lanari gogotsu ekin diotela dirudi. Atzo eguerdian egindako lehen bileran lan zehatzak hartu zituzten bere gain, eta egin beharreko urratsak aho batez onartu zituzten. Gainera, lantaldeko kide guzti-guztiek parte hartu dute aurreneko batzarrean.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek hilaren 11n onartu zuten «bakearen humanizazioan, elkarbizitzan, adiskidetzean eta heziketan laguntzeko lantaldea» osatzea. PPko ordezkariek proposamenaren aurka bozkatu zuten, eta alde gainontzeko guztiek.
Egitasmoa babestu zuten taldeetako ordezkariek osatzen dute taldea: PSE-EEko Rafaela Romero presidenteaz gain, bertan daude Martin Garitano ahaldun nagusia, Idoia Ormazabal eta Begoña Vesga Bilduren batzarkideak, Markel Olano eta Eider Mendoza EAJrenak, Lore Suarez PSE-EErena, eta Rebeka Ubera eta Ernesto Merino Aralarrekoak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Marina Bidasoro ere lantaldeko kidea da. Gorka Gorostiza legelaria, berriz, talde txostengileko aholkulari juridiko gisa ari da.
Diagnosi bat eginez hasiko du lana Gipuzkoako Batzar Nagusien bakerako taldeak
PP ez beste alderdi guztietako ordezkariak biltzen ditu taldeak, eta irailean aurkeztuko du egoeraren azterketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu