«Gure iritzia, orokorrean, ona da, baina lege proposamenak aldaketa nabarmenak behar ditu». Nafarroako Guraso Bananduen Elkarteak begi onez jo du Nafarroan zaintza partekatua lehenesteko asmoz egin duten lege proposamena. IUN Nafarroako Ezker Batuak aurkeztu zuen, eta alderdi guztien aldeko boza jaso zuen, sozialistena izan ezik. Elkarteko kideek, hainbat aldaketa aintzat hartu behar direla eta, zuzenketa sorta bat idatzi dute. Legeak elkarrizketaren aldeko hautua lehenetsi behar duela nabarmendu dute, eta dibortzio kasu gatazkatsuetan bitartekaritza hobetsi behar dela. 21 zuzenketa dira denera. Atzo bat egin zuten elkarteko kideek horien berri emateko. Hona, horietan proposatutako eskari esanguratsuenak gaika banatuta:
Bitartekaritza
Dibortzio auziak heltzen zaizkionean epaileak, egoki ikusten duen kasuetan, bi aldeei bitartekaritza zer den azaldu behar diela azaldu dute, eta izan ditzakeen onurak nabarmendu behar zaizkiela. Bide batez, alde biei bitartekari bat proposatzeko aukera ere eman behar zaiela adierazi dute. Ahal den kasu guztietan bitartekaritza lehenetsi behar dela esan dute: «Oinarrizko baliabidea izan behar du».
Salbuespenak
Nafarroako Guraso Bananduen Elkartearen arabera, zaintza partekatuaren alde egin behar da ahal den kasu guztietan. Esaterako, tratu txarren salaketa hutsa ez dute zaintza mota hori ukatzeko aski motibotzat ikusten, baldin eta epai irmorik ez badago. «Errugabetasun presuntzioa defendatzen dugu», adierazi dio BERRIAri Guadalupe Ukar elkarteko eledunak. Tratu txarren zantzu argiak edo epai irmoak daudenean dira erasotzaileari zaintza ukatzearen aldekoak: «Jakina». Halaber, epailearen esku uzten dute zaintza partekatua ukatzeko aukera baldin eta «arrisku» egoerarik ikusten badu. Irain eta mehatxuak ere hautsitako bikoteetan behin baino gehiagotan izaten direla dio Guadalupe Ukarrek. «Emakumeen zein gizonen partetik». Kasu horietan ere zaintza partekatuari ez zaizkiola ezinbestean ateak itxi behar diote, baldin eta seme-alabekiko harremana bikotekide bien partetik ona bada. Betiere haurren onura lehenetsi behar dela diote.
Etxebizitza
Dibortzioen ostean zaintza partekatua eta etxebizitzaren erabilera maiz lotuta joaten direla eta, horren kontrako eskaria egin dute. Etxebizitzaren erabilera ebazteko bi aldeen arteko akordioa bilatu behar dela esan dute, eta halakorik lortzen ez bada, etxebizitzaren likidazioa lehenetsi behar dela. Bikotekideen artean egon daitezkeen ezberdintasun ekonomikoak aintzat hartu eta horien araberako erabakiak hartzeko eskatu dute. Dibortziatu ostean etxebizitza premian geratzen direnentzako babes ofizialeko etxeak eskatu dituzte.
Familia harremanak
Seme-alabekiko erantzukizun partekatuaren alde egiten dute, betiere haurren ongizatea lehentetsiz. Haien ustez, ildo horretan hartu behar dira etxebizitzari buruzko erabakiak eta gainerako auzi ekonomikoekin lotutakoak.Ezkondu aurreko akordioak erabilgarriak izan daitezkeela dio- te.
Dibortzio kasu gatazkatsuetan bitartekaritza hobesteko eskatu dute Nafarroako guraso bananduek
Zaintza partekatua lehenesteko aurkeztu den lege proposamena gogoko dute, baina hainbat aldaketarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu