Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak, Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak, Jose Iribas Hezkuntza sailburuak, Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohiak, Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Ana Elizalde Nafarroako hiriburuko zinegotziak jakinarazi dute itzuli egingo dutela Nafarroako Kutxako bilerengatik eskuratutako dirua. 39.000 euro inguru itzuliko ditu Sanzek; Barcinak, 68.500 euro; Maiak, 12.000 euro; Iribasek, 29.000 euro; eta Elizaldek, 5.000 euro.
Diario de Navarra egunkarian argitaratutako eskutitz baten bidez jakinarazi zuten Barcinak, Maiak, Elizaldek eta Iribasek dirua itzultzeko asmoa. Sanzek, berriz, Noticias de Navarra-k argitaratutako gutun batean eman zuen bere asmoaren berri. Nafarroako Kutxako gizarte ekintzan itzuliko dute dirua. Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzordean UPNko eta PSNko politikariak biltzen ziren, eta eguneko 5.151 euro irabaztera heldu ziren.
Javier Caballerok, berriz, iragarri du ez duela dirua itzuliko eta esan du bera oso lasai dagoela, lanaren truke jaso zuela diru hori eta ez duela zertan lotsatu. Diario de Navarra egunkariaren arabera, gainera, PSNk ez du aurreikusten Roberto Jimenezek eta Samuel Carok dietatan jasotako dirua itzultzea. Bitartean, Alberto Catalanek diruarekin zer egin aztertzen ari omen da.