Egunkaria auzia

Dignidad y Justiciak 12 eta 14na urteko kartzela zigor eskaera egin du ‘Egunkaria’-ko auzipetuentzat

Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Xabier Alegria, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria eta Xabier Oleaga “ETAren proiektuaren kidetzat” jo ditu. Lan edo kargu publikorako 14 eta 15na urteko kargu-gabetzea ere eskatu du. Dignidad y Justicia elkartearen ustez, "'Egunkaria' ETAk sortu zuen, erakundearen eta inguruaren finantzaketarako". Fiskalak auzia artxibatzeko eskatu zuen, “delitu zantzurik ez dagoelako”

2007ko irailaren 19a
18:35
Entzun
12 eta 14na urteko kartzela zigor eskaera egin du Dignidad y Justicia elkarteak Egunkaria auziko zazpi auzipetuentzat, “frogatuta dagoelako Egunkaria eta bere enpresa guztiak ETAk sortu zituela 90ko hamarkadaren hasieran, erakundearen eta inguruaren finantzaketarako”. Elkartearen ustez, Egunkaria-k "inoiz ez zuen izan kazetaritza motibaziorik".

Joxemi Zumalabe (90ko hamarkada hasieran hil zen), Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Xabier Alegria, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria eta Xabier Oleaga “ETAren proiektuaren kidetzat” jo eta azkeneko zazpien kontrako zigor eskaerak egin ditu Dignidad y Justiciak. Zubiria eta Oleagarentzat pixka bat zigor txikiagoak eskatu ditu: kartzela zigorra bi urte laburragoa, eta lan edo kargu publikoaren kargu-gabetzerako urtebete txikiagoa.

Fiskaltzak joan den ekainean zioenez, “egunkaria ete bere enpresak inoiz ez ziren izan ETA erakunde terrorista finantzatzeko, ezta honen dirua zuritzeko ere”. Hala, “delitu zantzurik ez dagoelako”, auzia artxibatzeko eskaera egin zuen. Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketa egingo dela erabaki zuen. Oraindik ez du jarri eguna.

2003ko otsailaren itxi zuten Euskaldunon Egunkaria euskarazko kazeta, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Guardia Zibila erabili zuten ixteko. Zenbait atxilotuk tortura kasuak salatu zituzten. Operazioan Luis Goia ere atzeman zuten (duela urtebete hil zen). Uria eduki zuten denbora gehien kartzelan: 18 hilabetean.

Dignidad y Justicia elkartearen eskaerak

Juan Mari Torrealdai. 14 urteko kartzela zigorra erakunde terroristako kide izateagatik, eta lan edo kargu publikorako 15 urteko kargu-gabetzea.

Txema Auzmendi. 14 urteko kartzela zigorra erakunde terroristako kide izateagatik, eta lan edo kargu publikorako 15 urteko kargu-gabetzea.

Iñaki Uria. 14 urteko kartzela zigorra erakunde terroristako kide izateagatik, eta lan edo kargu publikorako 15 urteko kargu-gabetzea.

Xabier Alegria. 14 urteko kartzela zigorra erakunde terroristako kide izateagatik, eta lan edo kargu publikorako 15 urteko kargu-gabetzea.

Martxelo Otamendi. 14 urteko kartzela zigorra erakunde terroristako kide izateagatik, eta lan edo kargu publikorako 15 urteko kargu-gabetzea.

Pello Zubiria. 12 urteko kartzela zigorra erakunde terroristako kide izateagatik, eta lan edo kargu publikorako 14 urteko kargu-gabetzea.

Xabier Oleaga. 12 urteko kartzela zigorra erakunde terroristako kide izateagatik, eta lan edo kargu publikorako 14 urteko kargu-gabetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.