Dijsselbloemen oharra, Varufakisen besoa

Ivan Santamaria.
2015eko uztailaren 2a
19:20
Entzun

Hamar egunez hiru pistako zirku baten itxura izan du Greziako krisiak. Proposamenak, kontraproposamenak, negoziazio saioak, elkarrizketa etenak, baieztapenak, ezeztapenak, hitzaldiak,  banku itxierak, erreskate amaierak, erreskate berriaren eskaerak eta beste hainbeste gertaera tartekatu dira, abiadura bizian. Erritmoa baretu da gaur, behintzat, NDFk zorrari buruz egin duen txostenaren edukia ezaguru aurretik. Igandeko galdeketak hartu du eztabaidaren zentralitatea, azkenik, bai Grezian bai Greziatik kanpo.

Eurotaldeak eta troikako erakundeek esana dute ez dela bestelako elkarrizketarik egongo etzi hautestontziak itxi eta emaitza zein den jakin arte. Baiezkoaren aldeko kanpainan baino gehiago, ezezkoaren aurkako ahalegina ari dira bultzatzen esparru politiko horietatik. Ezezkoaren aldeko boto batek Grezia Europako Batasunetik aldendu eta eurogunetik kanpo kokatu lukeela bihurtu da argudio nagusia.

Mehatxu hori hitzez adierazteko ardura hartu du bere gain Jeroen Dijsselbloemek. Eurotaldeko presidente izatearekin batera, Herbeheretako Finantza ministro ere bada, eta bere herrialdeko parlamentuan egoerari buruz mintzatu da goizean. Ezezkoa nagusituz gero, ez direla baldintzak leunduko ziurtatu du. «Ilusio bat kendu behar da mahai gainetik: emaitza ezezkoa bada dena berriro negoziatzeko aukera egongo dela, eta azkenean programa errazago eta erakargarriagoa lortuko dutela».

Greziako ekonomia berriro ere bideratzeko austeritate neurri zabalak behar direla defendatu du Dijsselbloemek, baina azken hitza greziarrek izan behar dutela ohartarazi du. «Jendeak esaten badu hori ez dutela nahi, ez du esan nahi bakarrik ez dagoela oinarririk beste programa baterako, Grezia eurogunean jarraitzeko oinarririk ere ez da izango».

Varufakisen besoa

Greziako Gobernuaren jarrera Giannis Varufakis Finantza Ministroak agertu du. Bezperan galdeketari eustea eta ezezkoaren aldeko botoa eskatuko zutela aurreratu zuen Alexis Tsipras lehen ministroak. Erabakia justifikatu du Varufakisek, kreditu emaileekin akordio bat ezinezkoa izan dela azpimarratuta. «Nahiago dut neure eskuin besoa moztu zorra berregituratzea ez dakarren akordio bat sinatzea baino», azaldu du Bloomberg telebista katean emandako elkarrizketan.

Ezezkoarekin gobernuak negoziatzeko dituen baldintzak indartuko direla ziurtatu du Varufakisek. Galdeketa bankuak itxita eta dirua ateratzeari mugak jarrita egin beharraz kexu agertu da, gainera. «Europaren erabaki politikoa izan zen bankuak ixtea, gu bultzatzeko bideragarria ez den akordio bat sinatzera». Bankuen itxiera ez dela luzatuko agindu du Varufakisek. «Behin krisi politikoa gaindituta, greziarrek euren erabakia emanda, bankuek irekiko dute». Nikos Pappas Greziako estatu ministroak, aldiz, bankuak «akordioa lortu ondoren» irekiko direla argudiatu zuen atzo.

EBZ Europako Banku Zentralaren urgentziazko likideziari esker egon dira lanean Greziako bankuak azken asteotan. Mailegu kopurua egunez egun igo ondoren joan den igandetik aurrera mugatu du banku zentralak, gobernua kapital kontrolak ezartzera behartuz. Datorren astelehenean berriro bilduko da EBZko kontseilua, galdeketaren emaitza aztertu eta premiazko likidezia horrekin zer egin erabakitzeko.

Syrizak osatu zuen gobernuaren jarraipena bera jokoan egon liteke etzi. Baiezkoak irabazten badu, kargua utziko duela aurreratu du Varufakisek. Tsiprasek ere aurreratu du herritarrek austeritate programa onartzea errespetatuko duela, baina berak gidatutako gobernu batek ez lukeela aurrera eramango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.