Izan Ipar Euskal Herrian ala tokiko parlamentariek Parisen, guztiekeskakizun bera entzunaraztea izanen da euskal lurralde elkargoa lortzeko bide bakarra. Are gehiago, denbora kontatua delarik. Udazken honetan burutuko du Frantziako Gobernuak deszentralizazioaren erreforma, eta berrantolaketa horretan sartu nahi dute Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruzko lege proposamena. «Elkartasuna beharko dugu ukan gure artean,diskurtso bera eraman beharko dugu guk Parisen eta hautetsi eta eragileek hemen», azaldu du Colette Capdeviellek, parlamentari sozialistak.
Baldintza hori hainbat ahotarik entzun zen atzo goizean Miarritzen (Lapurdi), Eskualde eta Herri Solidarioak (RPS) federazioaren udako unibertsitateen kari antolatu hitzaldian. Bertan egon ziren hizlari Frederique Espagnac eta Colette Capdevielle parlamentari sozialistak, Christine Bessonart Ipar Euskal Herriko alkateen biltzarreko presidentea,Jakes Abeberri eta Sauveur Bacho hautetsi abertzaleak eta Jean Lissart Europe Ecologie Berdeenbozeramailea. «Hemen adostasun orokorra lortuko dugula uste dut, baina beldur naiz, blokeoak egonen direlako Parisen», adierazi zuen Abeberrik. Guztiek argi daukate lorpena ez dela erraza izanen, Parisen partetik «nahikari politikoa beharko delako».
Angeluko mintegia
Hala ere, gaur egun dagoen deszentralizazioaren hirugarren pausoa «aukera historikoa» dela diote. Erreformaren arduradun Marylise Lebranchu ministroa «deszentralizazioari biziki lotua» izateaz gain «esperimentazioei atxikia» dela zehaztu zuen Espagnacek, eta hori Ipar Euskal Herriarentzat puntu baikor bat dela. Erreforma aitzin, tokiko demokraziari buruzko mintegiak egingo dituzte irailean eta urrian, departamenduetan eta Parisen. Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokienez, Angelun (Lapurdi) eginen dira, irailaren 13an. Parte hartzea «oso garrantzitsua» izanen dela zehaztu zuten parlamentariek. Atzo, anitzek gogorarazi zuten 1981ean gobernu sozialistak hitzeman zuela euskal departamendua baina sekula ez zuela zertu. Arrisku hori egun ere badagoela zioten, zentralizazioari loturiko anitz sozialista daudelako. Hala ere, «nahiz jarrera ezberdinak egon», sozialisten artean iritziak «bestelakotu» direla esan zuen Capdeviellek.
Diote lorpenaren giltza euskal lurralde elkargoari buruz ados jartzea dela
Ipar Euskal Herriaren ezagupena lortzeko «aukera historikoaz» hitz egin dute RPSren udako unibertsitateetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu