Diputazioa herritarrei hurbildu nahian

Herritarren galderak erantzun dituzte Olanok eta Goiak, 'Zure herrian' egitasmoaren barruan

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Herritarrak epel badaude, ez duzu ba usteko autodeterminazio eskubidea errespetatuko digutenik?». Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak egindako hitzak dira. Gatazka politikoa konpontzeko zein pauso emateko asmoa duten galdetu zion gazte bati erantzunez. Zure herrian egitasmoaren barruan Donostiako Viktoria Eugenian izan ziren atzo Olano bera eta Eneko Goia hiriburuko alkategaia eta Diputazioko bozeramailea. Herritarren galderei erantzuten ari zirela hala galdetu zion ikasle gazte batek: Ados dagoela lehentasuna bakea lortzea izatearekin, baina, Olanok berak aurretik azaldu bezala, bakea lortu ostean ere konpondu beharreko gatazka politiko bat gelditzen denez, konpontze horretan zein urrats egiteko asmoa duten.

2005era jo zuen Olanok gazteari erantzuteko. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Eusko Legebiltzarrak onartutako proposamena Madrilera eraman, eta han eztabaidatu ere egin gabe baztertu zutela gogora ekarriz. Gertatutakoaren «autokritika» egin zuen: instituzionalki bultzada handia izan zela onartu arren herritarrak mobilizatzeko ez zirela gai izan onartu zuen. Helburu sinple eta zehatzak finkatu behar direla esan zuen -zein diren zehaztu gabe-, eta haietan herritarrak inplikatzea lortu behar dela. Abertzaleek gogoeta egiteko premia dutela ere gaineratu zuen, segmentazioak onik ez duela egiten uste baitu. Gainera, Herrialde Katalanetara begira jarri, eta unibertsitateak gehiago parte hartu behar duela nabarmendu zuen.

Gipuzkoako herritarrengana gerturatzeko ahaleginean ari da Diputazioa. Izan ere, kezkatuta daude Foru Aldundiak berak egindako inkesta baten, herritarren %79,5ek politikariengan konfiantzarik ez dutela esan baitzuten. Jendearekin «kontaktu zuzena» behar dela ondorioztatu zuten, eta hala jarri zuten martxan Diputazioa zure herrian egitasmoa.

Herritarren kezkak jasotzea dute asmo, eta jaso dituzte. Hala ere, herritarrei hitza eman aurretik, Gipuzkoan egin dituzten eta egin asmo dituzten proiektuen berri ematen dute. Atzoko aurkezpenean 40 minutu inguru pasatu zituzten, eta zazpi helburu nagusi dituztela azaldu zuten: Mugikortasuna eta komunikazio azpiegiturak, lurralde oreka, ingurumena zaintzea, nortasunean sakontzea, ongizatea eta elkartasuna, garapena eta konpetitibitatea, eta bakea eta normalizazio politikoa. Bakeaz eta normalizazio politikoaz, Olanok nabarmendu zuen onartu egin behar dela ezker abertzaleak aldaketa handia egin duela. Bake prozesuan lagundu egin behar dela, eta berak pertsonalki jarrera hori hartuko duela hitz eman zuen. Nolanahi ere, ETAk ere berak erabaki bat hartu behar duela uste du Olanok: behin betirako armak uztea.

Herritarrek gutxi galdetu zioten hala ere gatazkaz. Gizarte laguntzez, kirol egokituaz, azpiegiturez, garraioaz, gazteen egoeraz, zahartzaro aktiborako planez eta abar galdetu zioten. Guztientzako izan zuten erantzuna Olanok eta Goiak, eta herritarrek egindako kritikak ere onartu zituzten, halabeharrez.



Hamazazpi herri

Galderei erantzunez. Gipuzkoako Diputazioak hamazazpi herritan egin ditu Zure herrian egitasmoaren barruko jardunak: Azkoitian, Aian, Beasainen, Irunen, Zestoan, Oñatin, Lasarte-Orian, Zumaian, Berastegin, Zumarragan, Bergaran, Elgoibarren, Tolosan, Errenterian, Andoainen, Eibarren eta Donostian. Gehiago ere egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.