Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) diru pribatuarekin finantzatzeko asmoa dutela jakinarazi du Hezkuntza kontseilari Carlos Perez-Nievasek. Nafarroako Gobernuko presidenteak, Miguel Sanzek, unibertsitatearen finantzaketa ez handitzeari buruz egindako adierazpenen harira eskatu du NEBek Perez-Nievasen agerraldia. Kontseilariak esan du finantzaketa publikoa ez dela «nahikoa» unibertsitatea mantentzeko. Horregatik, «diru pribatuaren laguntza» beharrezkotzat jo du. Nafarroako Gobernuak «ikerketa proiektuak finantzatzeko eta bikaintasuna lortzeko neurri guztiak» hartzeko beharra duela aldarrikatu du Perez-Nievasek. Hala eta guztiz ere, Gobernuak NUPekin duen «konpromisoa» ezin dela zalantzan jarri azaldu du Hezkuntza kontseilariak.
NEBeko Ana Figuerasek, berriz, Sanzen eta Perez-Nievasen asmoak kritikatu ditu. Alderdi honek unibertsitate publikoaren finantzaketa ez handitzeko xedeak salatu ditu, eta Perez-Nievasi azalpenak eskatu zizkion atzoko osoko bilkuran. Unibertsitatean finantzaketa pribatua sartzeak Gobernua «unibertsitatearen kudeatzaile huts» bilakatuko lukeela leporatu dio Figuerasek Sanzi.
Gastua baino, inbertsioa
Finantzaketaren auzia pil-pilean dago, eta NUPen eta Sanzen gobernuaren arteko tirabirak nabariak izan dira. Hala, unibertsitateko errektore Julio LafuentekMiguel Sanzen asmoen aurka egin zuen, zeharka, ikasturte hasierako hitzaldian. «Unibertsitatea finantzatzea inbertitzea da, ez dirua gastatzea». Are gehiago, aurrekontuak hezkuntzarako bideratzea krisiaren aurkako neurri onenetarikoa dela defendatu zuen. «Profesionalki prestatua dagoen jendeak langabezia gutxitzen du. Berrikuntza, berriz, jarduera ekonomiko berrien motore da», azaldu zuen Lafuentek. Horrez gain, Lafuentek azken adierazpenetan iradoki du Medikuntza, Kazetaritza eta Psikologia ikasketak NUPen ezarri beharko liratekeela. Hori dela eta, finantzaketa handitzeko beharra berretsi zuen Lafuentek.
Diru pribatua erabili nahi du Nafarroako Gobernuak NUP finantzatzeko
Sanzen gobernua unibertsitatearen «kudeatzaile huts» bilakatu nahi izatea deitoratu du NEBek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu