HONDAKINAK

Dirua, kontratuak, obra, kalkulua... airean

Zubietako planta eraikitzeko prozeduretan hainbat irregulartasun gertatu direla salatu izan dute proiektuaren aurkariek: finantzaketa ez dela zilegi, efizientzia gaizki kalkulatu zela, kontratu irregularrak egin zirela, obra aldatu dela... Gezurtatu egin dituzte sustatzaileek.

mikel p ansa
2013ko uztailaren 20a
10:47
Entzun

Salaketa eta gezurtapen kate luze bat gertatu da Zubietako errauste plantaren lanak gelditu diren artean. Plantaren efizientzia energetikoa ongi kalkulatua ote dagoen, ingeniaritzak kontratatzeko lanetan irregulartasunak egon ote ziren, finantzatzeko bideak zilegi izan ote ziren, eraikuntza proiektua legezkoa ote den... 2007 eta 2011 artean errauste planta sustatu zuten alderdiek gezurtatu egin dituzte salaketa horiek guztiak.

Erabakia, baliogabetuta

2009ko ekainaren 2an erabaki zuen GHK-k errauste planta eraikitzen hastea eta lurrak desjabetzeari ekitea. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta Donostiako Auzitegiak baliogabetuak dituzte erabaki horiek. GHKren partzuergoan Txingudik ere botoa eman zuen erabaki haiek hartu ziren egunean, baina Txingudi ez zen legezko bazkide garai hartan, auzitegiek ebatzi dutenez.

Efizientzia kalkulu itoa

Europaren begietara, zabortegiak baino eraginkorrago izateko, errauste plantek efizientzia energetikoaren formula bete behar dute. Horrek esan nahi du frogatu behar dutela hondakinak erretzea efizientea dela; alegia, hondakinek duten energiaren hainbesteko bat baino gehiago berreskuratzeko gai dela errausketaren teknologia. Zubietako plantaren efizientzia kalkuluak 0,005 puntugatik baino ez zuen gainditu Europako Batasunak jarritako muga. Aurtengo otsailean, BERRIAk jakin ahal izan zuen kalkulu horretan datu okerrak erabili zituztela. Zubietako Herri Batzarrak errauste plantaren aurka jarritako helegite baten ondorioz hasitako ikerketan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikari batek onartu zuen kalkuluak gaizki eginda zeudela. Efizientzia energetikoaren mugara iritsiko ez balitz, teknikoki, Zubietako errauste planta zabortegi baten parekoa izango litzateke.

Finantzaketa estua

Zubietako errauste planta eraikitzeko zorraren interesak ordaintzeari utzi zion GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak otsailean. Errauste planta eraiki ahal izateko, GHK-k mailegu bat hitzartu zuen Europako Inbertsio Bankuarekin (195 milioi eurokoa), eta beste bat Caixa eta Banestorekin (67,5 milioi eurokoa). Bigarren mailegu hori estaltzeko, swap produktu espekulatiboak sartu zituzten akordioan. Haien eraginez, 94 milioi euroko mailegua balu bezala ordaintzen zuen GHK-k. Mailegua erabiltzen ari ez bazen ere. Orduan hilero 300.000 euro pagatzen ari zen, swap horien zama estaltzeko, baina hilero handituz joan da itzuli beharreko kopurua. Ekainean, GHK-k auzitara eraman zituen bankuak eta Price Waterhouse aholkularitza.

Bi kontratu, etenda

Zubietako errauste planta eraikitzeko, lehenik, bi ingeniaritza enpresa kontratatu zituen GHK-k: RESA eta IBH Consulting. Bi ingeniaritza enpresa horiek kontratatzeko garaian irregulartasunak egin zituztela azaltzen zuten bi txosten egin ditu GHK-k aurten, eta kontratuak eten dizkie biei. Besteak beste, txostenetako baten ondorioa zen ingeniaritza enpresa kontratatzeko lehiaketako baldintzak zehazten aritu zela RESA bera. IBHren kasuan, berez kontratu bakarra behar lukeena bitan zatitzea leporatu zioten. BERRIAk jakin zuen, bestalde, RESA kontratatu zuen lehiaketako mahaiko kide bat eta RESA enpresako bi kide elkarrekin beste elkarte batean aritutakoak zirela.

Eraikuntzan, aldaketak

Eusko Jaurlaritzak 2010eko apirilean eman zion ingurumen baimen bateratua Zubietako errauste plantari. Baina baimena jaso zuen proiektua aldatu egin zuten gerora, GHK-k hil honen hasieran jakinarazi duenez. Errauts toxikoak eta hondakin solido arriskutsuak tratatzeko azpiegiturak desagertu egin ziren, eta hasierako proiektuan ageri zen baino hiru metro gorago hasi ziren eraikitzen. Horrek eragin zuzena du proiektuaren ikusmen eraginean eta airera isuritako kutsaduran. Aldaketen berri ez zuten eman. Horrek ingurumen baimena baliorik gabe uzten duela eta beraz obra legez kontrakoa dela iritzita, lanak geldiaraztea erabaki du GHK-k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.