«Diskurtso faltsu bat» egitea leporatu diote sindikatuek Jaurlaritzari

Osakidetzak erretiroaren osagarria kendu die 800 langileri, eta ELA auzitara jotzeko aukera aztertzen ari da

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gehiengo sindikalak «diskurtso faltsu bat» egitea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta Osakidetzan egiten ari diren murrizketak salatu ditu. Espainiako Gobernuak agindu dituen azken murrizketak ez dituztela egingo esaten duen arren Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, mozketak egiten «aitzindaria» dela egotzi dio LAB sindikatuak. Hori dela eta,Rafael Bengoa Osasun sailburua Arabako Unibertsitate Ospitalean bisita egiten ari zela baliatuz, elkarretaratzea egin zuten atzo, murrizketak salatzeko.

LABek salatu duenez, Osakidetzako zuzendaritzak zein Osasun Sailak egindako murrizketen bidez osasun sistema publikoaren eredua «suntsitzen» ari dira. Horrez gain, aurreko asteko sektore publikoko lanuzteen harira, zuzendaritzak greba eskubidearen aurka egindako «maniobra barregarriak» salatu ditu. LABen ustez, modu bakarra dago horri guztiari aurre egiteko: Euskal Herrian erabakitzea zer zerbitzu publiko mota nahi eta behar den.

Bestalde, ELA sindikatuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak murrizketak egiten jarraitzen duela. Jaurlaritzak, aldebakarreko erabakia hartu, eta Osakidetzako hainbat langileri erretiroaren osagarria kendu die. Sindikatua aztertzen ari da Osasun Sailaren erabaki hori auzitara eramateko aukera, eta kalera ateratzeko eskatu die Osakidetzako langileei, mozketa berri horri erantzuteko.

Madrildik aginduta

Osasun Sailak hartutako azken neurriak eragiten die Insalus osasun zerbitzutik Osakidetzara pasatu ziren langileei, baina mediku eta erizain ez direnei. Pertsona horiek 65 urte bete aurretik erretiratzen baziren, eskubidea zuten osagarri bat jasotzeko, betiere gizarte segurantzan 25 urtez kotizatu izanez gero. 1973tik indarrean zegoen neurria; ordutik egindako lege aldaketetan eutsi egin dioten arren, Osasun Sailak bertan behera utzi du orain.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du murrizketa hori egin dutela Espainiako Gobernuak agindutako murrizketen barruan dagoelako. Apirilaren 20an jaso zuen agindua, eta erabakiak, berriki onartu den arren, atzera begirako eragina du. Apirilaren 26tik, 65 urte bete aurretik erretiroa hartu duten langile horiek ez dute osagarria jasoko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.