"Gu eta gure senide presoak hiltzen jarraitzeko asmoa garbi erakutsi du Mercedes Gallizok". Hori esan du gaur Etxerat elkarteak, Espainiako kartzela zuzendariak joan zen astean egindako adierazpenen harira. Gallizori "lotsarik ez izatea" leporatu diote, izan ere Gallizok "eskubide berdintasuna" aldarrikatu ondoren sakabanaketaren aurka dagoela esan zuen. Gero euskal presoen kasua salbuespena zela gehitu zuen, "alderdi demokratikoek hartutako neurria" zela argudiatuz. Beraz, dispertsioak aurrera jarraituko duela aurreratu zuen.
Gainera, 1987an "alderdi demokratiko horiek gorroto eta mendeku politika hau martxan jarri zutenetik", 15 senide eta lagun eta 19 preso hil direla salatu dute. Gainera, joan zen astean bertan beste hiru istripu izan zirela azpimarratu dute.
Izan ere, dispertsio politika onartu zutenetik 17 urte pasa direnean, "alderdi demokratiko horiek gure senideen izaera politikoarekin bukatzerik nahi ez dutenez, mendeku eta gorroto politika areagotu" dute. Areagotze horren adibide gisa jarri dituzte euskal presoak "gero eta gehiago" urruntzea eta isolatzea, "Euskal Herriarekiko komunikazio bideak itxiz, euskal errepresaliatu politikoak pertsona gisa eta politikoki suntsitzeko helburuarekin".
Hala ere, beraiek ez direla "besoak gurutzaturik" egongo azpimarratu dute, "bizi nahi dugulako eta bizirik nahi ditugulako". Beraz, "irtenbide demokratiko, politiko eta behin betikoaren aldeko apostua" egin dutela diote, eta horretarako "ezinbestekoa" dutela euskal presoak Euskal Herriratzea.
Beraien helburua betetzeko bidean, datorren ostiralean —hilabete guztietako azken ostiraletan egiten den bezala— Euskal Herri guztian egingo diren mobilizazioetara joateko deialdia egin dute.
Euskal presoak
Dispertsioaren auzian zer egin behar duten galdetu die Etxeratek instituzioei
Espainiako Gobernuak dispertsio politikarekin jarraitzeko asmoa zuela esan zuen joan zen astean Espetxe Zuzendari Mercedes Gallizok. Izan ere, euskal presoen kasuan erabaki politikoa hartu zutela argudiatu zuen. Etxeratek "euskal gizartearen gehiengoaren aldarria betetzeko" zer egiteko asmoa duten galdetu die "adierazpen hauen aurrean berriz ere beste aldera begiratu duten" Euskal Herriko alderdi politiko eta instituzioei. Gainera, "Eusko Legebiltzarrak euskal preso politikoen Euskal Herriratzearen alde hartutako akordioa bermatzeko" eskatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu