Metroen kontuak trabatua zuen ehizaren EAEko legeak aurrera egitea. Herriguneetatik urrundutako eraikinen inguruan zenbat metrotako distantziara egin daitekeen ehizan. Presio handiko hilabeteak izan dira azkenekoak. Kopurua igoko zela bazekiten ehiztariek, baina 100 metro baino gehiago ez zituztela onartuko esan zuten. Eta berenarekin atera dira azkenean. «Lorpena» aipatu du Jose Mari Usarragak, Gipuzkoako Ehiza Federazioko presidenteak, baina zehaztapena egin du ondoren: «Batzuek esango dute irabazle irten garela, baina segurtasun eremuak bikoiztu egin dira».
Irabazle ez, nondik begiratzen den. Hiru asteren buruan, Eusko Legebiltzarrak erdira jaitsi du segurtasun esparruei buruz Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena. 200 metroko tartea proposatu zuen Gasteizko gobernuak —oraingoak, PSE-EEkoak, eta lehengoak, EAJkoak—; orain hiru aste, legebiltzarrak, batzordean bilduta, 150ean uztea proposatu zuen; eta, atzo, batzorde horrek berak, azken saioan, 100 metroko eremuaren alde egin zuen.
Beste bat da Usarragaren argudioa. Inguruko herrialdeetan ez dagoela segurtasun eremurik—Ipar Euskal Herria, adibide—, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bikoiztu egingo direla tarteak, 100 metroan jarrita. Ehizaren Espainiako Legeak 50 metroan du muga. 1970etik ez dute aldatu.
Ehiztarien nahiak bere eginda, legeak eragiten dien gainerakoen eskariak alboratu dituzte EAJk, PSE-EEk eta PPk; baserritarrenak, kasu. «Ehiztariek xextra politikoa baliatu dute aurrez egindako akordioa hautsi eta beren alde egiteko. Alderdiek, areago EAJk, hitza jan dute», salatu du ENBA nekazarien elkarteko kide Xabier Iraolak. «EAJk, gobernuan zegoenean, 200 metro proposatu zituen. Ez dakit zer aldatu den hilabeteotan». Eguzki talde ekologistakoJuan Mari Beldarrainek, ostera, bazuen susmoa: «Pentsatzen genuen: ehiztarien interesetara makurtu dira. Zergatik? Badirudielako haiek soilik erabiltzen dutela mendia. Baina gehiago bagaude, eta gehiago gara».
Ehiza arriskuan zela Gipuzkoan eta Bizkaian, ohar hori egiten aritu dira elkarteak azken hilabeteetan; 100 metro baino segurtasun eremu handiagoa jartzeak leku askotan galaraziko lukeela ehiza. Hara, orain zer dioen Usarragak: «Azkenean, etxebizitza bat dagoen lekurantz inoiz ez tiro egiteak du garrantzi handiena. Kontua ez da 90 edo 200 metro uztea. Tiroaren norabidea garrantzitsuagoa da segurtasun eremuak baino». Ehiztarien jardun onaren menpe geratzen da, hortaz. Eta hori arriskutsua dela uste du Iraolak: «Errealitatean, oso zaila da metroak errespetatu diren edo ez kontrolatzea. Horregatik eskatzen genituen 200 metro». Ehizak sortzen duen arriskua nabarmendu du Beldarrainek: «Pertsonen segurtasunerako berri txarra da, eta, batez ere, hegaztien iraupenerako. Horiek jasango dute gehien».
Salbuespena itxaropen
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuratik pasatzea besterik ez du falta Ehizaren Legeak. Zer hobetu badagoela dio Usarragak, eta adierazi du espero dutela ehiza larriaren kasuan salbuespenen bat egitea —kasu horretan, 200 metroko tartea proposatu dute—. ENBAko kideak dio beste gai asko ere hartu behar direla kontuan; itxiturei dagozkienak, adibidez. Hala ere, esan du ez dutela «gerrarako arrazoitzat» hartuko Ehizaren Legea. Beldarrainen irudiko, beharrezkoa da gaiari buruz eztabaida zabaltzea.
Distantziek bananduta
Ehiztarien nahiei men eginda, baserritarren eta ekologisten proposamenak albo batera utzi dituzte. Ehiztarien alde egitea leporatu diete EAJri, PSE-EEri eta PPri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu