Dolu eguna, Sorozabalen hileta martxaren doinu artean

Espetxe politika salatzeko, manifestazioa egingo dute bihar Elorrion. "Gizagabe eta krudela"  dela salatu dute lagun eta bizilagunek, eta sakabanaketaren aurka bihar Elorriora joateko eskatu diete euskal herritarrei, 17:30ean. 

Elorrioko agerraldia, gaur. L. JAUREGIALTZO, ARP
Iñaki Larrañaga-Elorrio
2014ko otsailaren 7a
07:17
Entzun

Dolu eguna da gaurkoa Bellonen jaioterrian. Eguerdian eginiko prentsaurreko zein karteladan 500 pertsona inguru bildu dira. Prentsaurreko jendetsu batean —500 pertsona inguru— aurkeztu dute biharko manifestazioa. Ainhoa Apaolaza eta Ander Garaizabal Bellonen lagunek irakurri dute komunikatua.

“Lagunen lagun, musika taldeko txofer eta laguntzaile, natura zale amorratua, Elorrioko Gaztetxeko saltseroa, aisialdi taldeko sukaldari fina, hainbat ikastaro eta irteeraren gatz eta piper-mina. Lagunok Pantxi deitzen zaitugu. Goiz murgildu zinen lan munduan, garraiolari, gazte langile beraz, konprometitua”. Hala esan dute lagunek. 

“Hamaika aldiz zapaldua denak hamaika aldiz errebelatzeko aukera dauka. Eta zuk hamaika aukera horiek baliatu dituzu errebelde izateko, kalean zein lau pareten artean. Bizitzarekin, daukagun ondasun guztiarekin, larrutik ordaintzeraino”.

Aranzamendiren heriotzaren urteurrena

Dolu eguna izendatu dute gaurkoan Bizkaiko herrian. 11:30etik 13:30era ezin izan da zabaldutako komertziorik topatu. Eskoletan, lantegietan, bankuetan zein plaza alboan egiten den ostiraletako azokan dolu egunera gehitzeko deialdia egin dute.

Egun berezia da gaurkoa Elorrion. Izan ere, gaur hamazazpi urte bete dira Jose Maria Aranzamendi Katxue Alcala Mecoko ziegan urkaturik aurkitu zutenetik. Omenaldia egin diete biei. Pablo Sorozabalen Gernika abestia entzuten zen bozgorailuetatik, eta udaletxe azpian haien omenezko argazki erraldoi bi jarri dituzte.

Eragileen mezua

Mezu hauxe eman zuten atzo gizarte eragileek gertatutakoaren inguruan: "Sakabanaketa eta espetxe politika hau amaitzeko garaia da. Aski da esateko unea da. Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugun indarrek bat egitea eta kalera ateratzea, sufrimenduaren soka luze hau lehenbailehen amaitzeko".

Deialdia egin duten eragileen ustez, Bellonen heriotzak erakusten du presoen egoera "bidegabea" izateaz gain "zentzugabea eta onartezina" dela. Horri aurre egin behar zaiola diote, eta mobilizatzeko deia egin dute. Elkar hartuta mobilizatzekoa.

Hogei bat pertsona bildu dira Bilboko hotel batean agerraldia egiteko. Xingola beltza duen ikurrinaren atzean egon dira eragile sozial, politiko eta sindikaletako ordezkariak, eta Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak eta Egoitz Askasibar ESAITekoak hartu dute hitza eragile guztien izenean.

LAB, Egiari Zor, Goldatu, Eusko Alkartasuna, Sortu, Gazte Abertzaleak, Alternatiba, Aralar, Bizkaiko EHNE, CNT, Bai Euskal Herriari, ESK, Ikasle Abertzaleak, EILAS, Ernai, Komite Internazionalistak, Eleak, Eskubideak, ESAIT eta Bilgune Feminista dira elkartu diren erakundeak.

ELA ez da agerraldian izan, ez du sinatu manifestua, baina ohar bat bidali du geroago, Bellonen heriotza salatzeko antolatu diren ekitaldietan parte hartuko duela jakinaraziz.

Agerraldian elkartu diren eragileek azaldu dutenez, asteazkenean Elorrioko gaztearen heriotzaren "berri lazgarria" jakin ondoren, "egoeraren larritasunak eta urgentziak" eraman ditu biltzera. Etxaidek eta Askasibarrek Bellonen senide eta lagunei "elkartasun osoa" azaldu diete, ezer baino lehen, guztien izenean; "babesa eta berotasuna".

Salatu dute Elorrioko presoa Puerto I espetxean herritik mila kilometrora hil dela. Zigorraren hiru laurdenak beteta eduki arren, "kalean egon behar zuen" arren, preso eduki dutela. "Mendekuan oinarritutako" espetxe politika pairatzen zuela ohartarazi dute; giza eskubideen urratzeetan oinarritutakoa. Hain zuzen, Bellonen heriotzaren "erantzule zuzena" espetxe politika «gizagabe eta krudel» hori dela esan dute.

Politika hori "bidegabea" beti izan dela azaldu dute. Baina gaur egun, Euskal Herrian zabaldutako "errealitate berrian" mantentzea "erabat zentzugabea eta onartezina" dela diote. Belloni gertatutakoa edozein presori "edonoiz" gerta dakiokeela ohartarazi dute, eta hori saihesteko neurriak hartu behar direla: "Ez du gehiago gertatu behar".

Horretarako zer egin behar den argi daukate eragileek: "Salbuespeneko espetxe politika eta sakabanaketa amaitzeko garaia da. Aski da esateko unea da". Horretarako, "eskubide guztien alde» dauden indarrek bat egitea «inoiz baino beharrezkoagoa" dela esan dute. Elkartu eta kalera atera beharra dagoela sinetsita daude, "sufrimenduaren soka luzea lehenbailehen amaitzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.