France Bleu Pays Basquerentzat euskarako kronikak egiten zituen Dominika Leonek eta aski ezaguna zen Ipar Euskal Herrian. Haren senarra Eric Clemot ere bai. Besteak beste, errefuxiatu bosniarrak hartzeko Baigorriko egoitzan lanean arituak ziren biak 1990eko hamarkadan. Baina Leoni esklerosi anizkoitza atzeman zioten, eta handik aurrera aldatu egin zen bikotearen bizitza. Senarrak berak hil zuen, 2005eko abenduaren 12an.
Ikusi gehiago
Poliziek etxean aurkitu zituen biak, Baionan. Dominika Leon hilik zegoen. Labanaz eraso egin zion senarrak, eta gero burko batekin ito zuen. Ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen gizona, botikak hartuta. Ez zegoen hilik, ordea. Mezu bat ere idatzia utzi zuen gizonak, heriotza bere gain hartuz; emaztea zaintzeko lanen «sufrimendua» ezin zuela jasan idatzi zuen.
Erietxera eraman zuten gizona, eta handik egun batzuetara eman zioten senda agiria. Pertsona zaurgarri bati eraso egiteagatik larritasun handiagoa zuen hilketak, eta bizitza osorako kartzela zigor bat jaso zezakeen Clemotek, baina, hala ere, epaiketa egin bitartean aske utzi zuen auzitegiak, lekukoek eta bikotearen lagunen testigantzak aditu eta gero.
Handik sei hilabetera, 2006ko ekainean, hankan ebakuntza bat egin behar izan zioten gizonari, eta berriro eraman zuten erietxera. Egin zioten ebakuntza, eta berreziketa zentro batera eraman behar zuten bezperan, ospitaleko gelako leihotik behera bota zuen gizonak bere burua. Bertan hil zen. Artxibatu egin zuten auzia.