Asteartean, 09:00etan, aztertuko du Baionako auzitegiak Donaixtiko (Nafarroa Beherea) eskola okupatu dutenen aurka jabeek egin kanporaketa eskaera. Atzo ikertu beharra zuten, baina Filipe Aramendi okupatzaileen abokatuak egin atzeratze eskaera onartu zuen epaileak. Hain zuzen, defentsa prestatzeko denborarik ez zuela ukan azaldu zion epaileari, uxerra herenegun arratsalde bukaeran pasaturik, abokatuak atzo goiz bukaeran zuelako salaketaren berri ukan.
Amaia eta Joana Arbeletxe, Kattin Xilibolost eta Jon Foucher gazteak dituzte epaituko, beste hamar bat gazterekin batera eskolan bizitzen ari diren lau lagun. «Etxe hori biziarazi nahi dugu, herritarrei irekia den gune bat izatea nahi dugu», esan zien Foucherrek elkartasunez epaitegira joandako berrogei bat sostengatzaileri.
Okupaturik oraindik
Anartean, okupazioak segitzen duela argi utzi zuten atzo auzipetuek. Uztailaren 21ean sartu ziren eskola hutsera, etxebizitza kolektibo bat eta kulturgune bat sortzeko xedearekin.
Bordeleko (Frantzia) serora talde bat da gunearen jabe, eta okupazioaren lehen egunean berean gutun bat bidali zieten beren ekintzaren berri emateko. Nahiz jabeek erran okupazioak segitzen duen bitartean ez dutela hitz egingo, hainbat bilera eta trukaketa ukan dituzte, adostasuna lortzeko asmoz. Hori dela eta, harridurarekin hartu zuten salaketaren berri okupatzaileek. Asteartea bitartean, animazio eta tailer guztiak segurtatzeaz gain, sostengua biltzeko lanean arituko dira buru-belarri.
Donaixtiko eskolako lau okupatzaile, auzitara deiturik
Astearte goizean ikertuko dute, Baionako auzitegian, gunearen jabeek egin kanporaketa eskaera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu