Donapea Opus Deiri saltzea "espoliazio" bat dela salatu dute Iruñean ehunka herritarrek. Irakasleak, ikasleak, sindikatuak, Iruñeko Udaleko zinegotzi ohiak, gizarte mugimenduak, sortzaileak... Talde zabal eta ugari batek egin du deia gaur iluntzerako. 19:00ak aldean atera da manifestazioa, Opusi oparirik ez idatzia duen pankartarekin, Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren aurretik. Donapea lekuz ez aldatzeko eta Opus Deiri ez saltzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Asteartean egin zuten manifestaziorako deia. "Donapea tokiz aldatzearen aldeko argudiorik ez dago", azaldu zuen Nekane Otxotorenak, Donapeako Lanbide Heziketako zentroko irakasleak. Donapeako irakasleen klaustroak ere ezezkoa eman zion egitasmoari, joan den astean.
"UPN gezurretan ari da", erantsi zuen Otxotorenak, "Donapean bada, nahi izanez gero, eraikina handitzeko tokia; eta Opus Deik ere bere lur eremuan eraiki ditzake egin nahi dituen mediku ikerketarako zentroak".
Nafarroako Gobernuak eta NU Nafarroako Unibertsitateak (Opus Deirena) hitzarmen bat dute sinatua, 2011ko martxoaren 18an. Donapeako Lanbide Heziketako zentroa lekuz aldatu eta lur sail hori NUri saltzea da hitzarmenaren helburua.
Osasunari loturiko laborategi batzuk eta hiru ikerketa zentro jartzeko asmoa du NUk orain Donapeako zentroarenak diren lurretan. Ez dute oraindik argitu egungo eraikinak baliatuko dituzten edo berriak eraikiko dituzten.
Proiektua defendatzen du Alfonso Sanchez-Tabernero NUko errektoreak: "Iruditzen zaigu galtzailerik gabeko proiektua dela". 206 milioi euro inguruko inbertsioa egin eta 395 lanpostu sortuko liratekela zehaztu izan du.
7.000 metro koadro gutxiago
Donapeako egungo Lanbide Heziketako zentroa, berriz, Etxabakoitzera mugituko dute, hitzarmenaren arabera. Osasun Eskola Tekniko Profesionala ere hara mugitu nahi du gobernuak, campus berri bat eraikiz.
Hemezortzi milioi euro inguruko kostua du proiektu horrek. Campus berriak 1.500 ikasle eta 28 titulazio hartuko lituzke, gobernuaren datuen arabera.
Donapeako irakasleek ezagutarazi dute zentroak, gaur egun, 24.000 metro koadroko azalera bat duela. Etxabakoitzen zehaztutako leku berriak, aldiz, 7.000 metro koadro gutxiago ditu. Ikasle gehiago hartu beharko dituzte, eremu murritzagoan.
Baina horretarako, lehenik, Donapea hustu behar dute. Gobernuak zortzi milioi eurotan saldu nahi dizkio Donapeako lurrak NUri. Eta hor sortu da ika-mika.
Lankidetza hitzarmena Nafarroako Gobernuak sinatu zuen. Garai hartan PSN bazkide zuen UPNk. Baina gerora proiektuaren aurka lerrokatu da PSN. Iruñeko lurretan da Donapea, eta udalak egitasmoari atea itxi zion.
Bidea itxita sumatuta, Udalez Gaindiko Interesa duen Proiektu Sektorialaren bidea irekitzea erabaki zuen UPNren gobernuak. Eta orain prozedura hori auzitan jarri du oposizioak.
Lege bat, proiektua gelditzeko
PSNk, Bilduk, Aralarrek, Ezkerrak eta Geroa Baik bat egin zuten irailaren 5eko parlamentuko bozeramaileen batzordean. Legezko proposamen bat tramitatzen hastea onartu zuten, Donapeko egitasmoa gelditzeko.
Legearen helburua da oztopatzea proiektu batek udalez gaindiko interesa duela esatea, aurrez proiektu hori udalak tramitatu badu. Alegia, udal batek proiektu bati ezezkoa emanez gero, gobernuak ez izatea aukerarik Udalez Gaindiko Interesa duen Proiektu Sektorial bat erabiltzeko udalaren erabakien aurka.
Nafarroako Parlamentuak heldu den osteguneko saioan aztertu eta bozkatuko du oposizioko alderdiek aurkeztutako testu hori. Nafarroako Gobernuak tramitazioekin jarraitzen du, hala ere.
Parlamentuko oposizioko taldeek agertua dute proiektuaren aurkako jarrera. Ondare publikoa galdu eta gobernuak Opus Deiren "interes pribatuei" mesede egin nahi diela salatu dute. LAB, EILAS, CCOO, ELA eta CSIF sindikatuek ere bat egin dute protesta horiekin.
Nafarroako Gobernuak eta UPNk, ordea, babesten jarraitzen dute hitzarmena eta egitasmoa. Yolanda Barcina gobernuko presidenteak "estrategikotzat" jo izan du. "Lanpostuak, dirua, eta ikerketarako aukerak" galduko direla berretsi du aste honetan.