Zarralukik erabakiaren berri Nafarroako legebiltzarrean eman du, oposizioak Donapeako egitasmoa gelditzeko aurkeztutako plana eztabaidatzen hasi behar zuenean. Legebiltzarrean eztabaidatzen hastekotan ziren gaur, baina atzo unibertsitateak berak kontratua etetea erabaki zuen, eta gaur atzera egiten duela onartu du gobernuak.
Plana galtzea PSNren "nahasmenduari" leporatu dio Barcinak. "Nafar guztientzat" kaltea izango da Donapeako egitasmoa ez gauzatzea, UPNren esanetan.
Iruñeko Donapeako Lanbide Heziketako zentroaren lurrak Nafarroako Unibertsitateari saltzeak adostasunik lortu ez duela-eta haserre egin ditu adierazpenak Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak. Donapeako plana bertan behera uztea ez da UPNrentzako edo Nafarroako Unibertsitatearentzako zigorra, "nafar guztientzako zigorra" baizik, haren hitzetan: "Esan nahi duelako 200 milioi euroko eta 400 ikertzaileren inbertsioa ezin dela egin".
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitateak ez dute iritziz "batere" aldatu bi urteotan, Donapearen kontura, PSN izan da aldatuz joan dena: "Nik Roberto Jimenez eta Miguel Sanzek sinatu zuten hitzarmena mantendu besterik ez dut egin".
Gobernuak sinatutakoak mantentzeak herritarrei "segurtasuna" ematen diela sinestuta dago Barcina. Orain, ordea, "koma batean" daude, "garrantzitsua testua denean". Nafarroako Parlamentuan auziaz hitz egin aurretik egin dizkie adierazpenok kazetariei.
Izan ere, Donapeako egitasmoa bertan behera uzteko lege egitasmo bat eztabaidatzekoak dira gaur parlamentuan. Udalez Gaindiko Interesa duten Plan Sektorialen erabilera arautu nahi dute oposizioko alderdiek, gobernuak ez ditzan erabili udalen interes eta erabakien aurka.
Parlamentuko eztabaida baldintzatu du NU Nafarroako Unibertsitatearen atzoko erabakiak. Ustekabean, plana bertan behera uztea erabaki zuela jakinarazi zuen atzo.
Nafarroako Unibertsitateak Donapean jarri nahi zituen hiru laborategietatik bi Nafarroan eraikitzeko asmoa duela azaldu zuen Alfonso Sanchez Tabernero errektoreak. Erantsi zuen ez dutela argi beste laborategia, bioingeniaritzakoa, non jarriko duten edo jarriko ote duten.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia itxaropentsu agertu da parlamentuko bilerarako sarreran, hiru laborategiak Nafarroan eraikitzeko aukera oraindik badagoela adieraziz. Errektorearekin hizketan jarraituko duela adierazi du.
PSNko idazkariak azaldu du, 2011n Donapea lekuz aldatzeko hitzarmena sinatu bazuen ere, "interes orokorrarengatik" aldatu zuela jarrera. Lanbide Heziketako zentroak Etxabakoitzera mugituta baldintza okerragoak lituzkeela adierazi du.