Iruñeko Donapeako plana atzeratu egin du Nafarroako Gobernuak, babesik ez daukala ikusita. UPN eta PP soilik daude alde. Donapean Lanbide Heziketako ikastetxea dagoen orubea Opusen unibertsitateak erosi nahi du, ikerketarako zentroak jartzeko; ikastetxearentzat egoitza berria egin nahi dute Etxebakoitz auzoan. UPNk eta PPk ez beste alderdi guztiek uste dute Opusi mesede egiteko plana dela Donapeakoa. Adostasunik ez dela ikusita, udalez gaindiko sektore plana atzeratu egin du gobernuak, eta gainerako alderdiekin hizketan hasiko dela iragarri du.
Iruñeko lurretan dago Donapea, eta udalak ezezkoa eman zion proiektuari. Hori ikusita, gobernuak hartu du planaren gidaritza, esanez proiektuak Iruñean soilik ez Nafarroa osoan daukala eragina. Egitasmoa «apustu estrategikotzat» du Yolanda Barcinaren taldeak, herenegun Nafarroako Parlamentuan Jose Iribas eta Luis Zarraluki kontseilariek azaldu zutenez.