Azpiegiturak

Donostia aldeko metroaren kontratuak eteteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk eta EAJk adostu dute testua. Donostiarako "gaurko tren sarea hobetzea" lehenesteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Berria.info
2013ko otsailaren 21a
19:33
Entzun

Euskotrenen linea Donostian lurpean sartzeko egitasmoak beste kolpe bat jaso du gaur. EAJk eta EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu diote proiektu horrentzat adjudikatutako kontratuak bertan behera uzteko.

PSE-EEk eta PPk beste testu bat aurkeztu dute, obrekin jarraitzeko eskatuz, baina ez du aurrera egin, EH Biduk eta EAJk adostutako testuak boto gehiago lortu baititu. UPDk ere azaldu du uste duela metroa ez dela beharrezkoa, baina abstenitu egin da bozketan.

Aurreko Jaurlaritzak abiatu zuen Euskotrenen linea Donostian lurpean sartzeko egitasmoa, PSE-EEren eskutik. Atzo bertan, hainbat hautetsi sozialistak eskatu zuten proiektua ez baztertzeko.

Lugaritzetik Kontxara eta Kontxatik Morlansera Euskotrenen linea lurpean sartzea zen proiektuaren helburua, Euskotrenen linea berritzeko obren barruan. Herrera eta Intxaurrondoko geltokietan Metro Donostialdea idatzia ere zintzilikatu zuen Jaurlaritzak, eta iazko udazkenean eman zituen metroaren obrak.

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak esan zuen, kargua hartu eta laster, berriz pentsatu behar zela Donostian metro bat egiteko proposamena, eta erakunde publikoen artean adostu behar zela Donostiarako mugikortasun eredua.

Uste dute ez diela erantzuten mugikortasun beharrei

Gaur, bat egin dute EH Bilduk eta EAJk obra horiek gelditzeko eskaeran. Onartutako testuak dio proiektu hori ez dela "eraikuntza irtenbiderik egokiena benetako mugikortasun beharrei erantzun iraunkorra" emateko.

Dagoeneko adjudikatuta dauden kontratuak bertan behera uzteko ere eskatu diote Jaurlaritzari. Obrarako baimenik ez dutela oraindik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin ez daudela hitzartuta eta finantzaketa guztia lotu gabe dutela azaldu dute eskaera esplikatzeko.

Horrez gain, "gaurko tren sarea hobetzea" lehenetsi behar dela nabarmendu dute EH Bilduk eta EAJk. Geltoki berriak, haietara iristeko erraztasuna eta garraio publikoko zerbitzua, oro har, hobetzeko urratsak egin behar direla zehaztu dute. Erakunde publikoen arteko "adostasuna eta elkarlana" ere eskatu dute bi alderdiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.