Bozeramaileen batzordeko ordezkariek bilera eginez hasi dute Donostiako Udalean eguna, goizean goiz, Donostia hondamendi eremua izenda dezaten neurriak aztertzen. 09:30ean, berriz, 100 bat herritar kalteturekin egin dute bilera, eta ziurtatu diete "lehenbailehen" kalteak ordaintzeko bideak egingo dituztela. Asegururik ez duten herritarrei ere laguntzako konpromisoa hartu dute, eta denei ohartarazi diete ez ezer mugitzeko bere lekutik peritua joan aurretik, argazkiak ateratzeko eta udaltzaingora bidaltzeko hark baiezta ditzan.
Erakunde publikoei, buruz, berriz, gauerako "normaltasun" itxura eman nahi dio hiriari Juan Karlos Izagirre alkateak, trafikoari eta oinezkoei bidea irekiz, baina eraikin publikoak-eta konpontzeko denbora gehiago beharko da. Bi zubi itxita daude oraindik: Kursaalekoa da itsasotik gertuenen egoteagatik kaltetuenetakoa, baina Urumea bi kilometro baino gehiagoan hausten duten bost zubietan dago zereginik, olatuak Txomin Enearaino heldu baitira.
Alde Zaharrean tonaka lokatz ateratzeko eguna da gaurkoa, dendetatik, tabernetatik, eskaratzeetatik eta gainerako baxuetatik. Alkatearekin batera Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ana Oregi Ingumen sailburuak ibilaldia egin dute kaleak ikusi eta kaltetuekin hitz egiteko.
Alde Zaharreko bizilagunak kexu izan dira gero eta kolpe gogorragoak ematen dituela itsasoak, eta Izagirrek berak aurretik esan du "azterketa sakona" eskatuko duela horrexegatik, gero eta larriagoa delako itsasoa sortzen ari den segurtasun eza. Erakunde guztiek elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute: Udalak, Duputazioak, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.