euskara

Donostiako 318 saltokik bat egin dute bezeroei euskara bermatzeko kanpainarekin

'Merkataritza eta ostalaritzan ere euskaraz' egitasmoa jarri du martxan Euskara Zerbitzuak, sektoreko hainbat eragilerekin. Bideoa: kanpaina (Donostiako Euskara Zerbitzua).  [YouTube]http://youtu.be/dYN9EfVAswE[/YouTube]

2014ko azaroaren 11
12:43
Entzun

Donostiako Udalak jarri du abian Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz kanpaina, denda eta tabernatan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko aukera bermatzeko. Lehen fasean bat egin dute 318 saltokik, eta baloratu egin du udalak kopuru hori.

Nerea Txapartegi Euskara arduraduna pozik agertu da emaitzarekin: “Saltoki horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna dute, eta hori jakinarazteko eranskailu bat jarri dute, identifikatu egin dira, bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten".

Saltokiek lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute, eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote”.

Mapa interaktiboa, martxan

Establezimendu horiek guztiak  mapa interaktibo batean kokatu dituzte jendeak jakin dezan zein saltokitan egin dezakeen euskaraz. Dendak, arrandegiak, harategiak, tabernak, jatetxeak, bidaia agentziak, botikak, ile-apaindegiak, optikak eta okindegiak daude horien artean.

2015ean egitasmoa zabaltzea da asmoa. Baldintzak betetzen dituen edozein saltokik izango du aukera parte hartzeko Euskaraz.net webaren bitartez, merkatari atalean eskaera on line eginez gero. Bertan formulario bat betetzea nahikoa izango du eskaera egiteko.

#ereeuskaraz lehiaketa sare sozialetan

Euskararen erabilera sustatu eta ekimena ezagutzera emateko asmoz, bideo bat ere egin da, eta sare sozialetan #ereeuskarazlehiaketa martxan jarri da. Azaroaren 23ra arte egongo da zabalik. Epea amaituta, hamar irabazleren izenak ezagutzera emango dira. 50 euroko hamar sari banatuko dira, eta irabazleek diru hori egitasmoan parte hartzen duten saltokietan gastatu beharko dute urtea bukatu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.