Donostiako Udaleko gobernu taldeak atzo onartu zuen Altza auzoan 3.300 etxebizitza eraikitzeko hirigintza proiektua, Auditz Akularrekoa. Bi urte behar izan dituzte proiektua idazteko. Datorren urtean hasiko dituzte eraikuntza lanak, eta bederatzi urte inguru iraungo dute. Proiektua 134,5 milioi euro kostako da. Udalak, ordea, ez du argitu zenbat ordainduko duten erakunde publikoek eta zenbat eraikuntza enpresek. Etxebizitza alorrean Donostiako Udalak egindako apusturik handiena da.
Eraikiko dituzten etxebizitzen %85 inguru babes ofizialekoak izango dira, eta bi alditan eraikiko dira. Hasierakoan 839 etxebizitza eraikiko dituzte, eta Altzako institutuaren ingurua berrituko dute. Gainera, bizilagunek beharrezkoak izango dituzten zerbitzu eta azpiegiturak jarriko dituzte. Horrekin batera, parke bat eraikiko dute. Ondoan jarriko dute astialdirako eraikin bat, eta, beharbada, osasun etxe bat. Oraindik, hala ere, hori ez dute argitu.
Datarik zehaztu ez duten arren, ziurrenik ez dute lehenengoa amaitu arte itxarongo bigarrenari ekiteko. Bigarren fasean egingo dituzte lur mugimendu handienak. Izan ere, orduan eraikiko dituztefalta diren beste etxebizitzak; baita Landarroko jarduera ekonomikoetarako poligonoa ere. Kasu horretan ere auzotarrek behar dituzte azpiegiturak eta zerbitzuak gehitu behar dira.
Loiolako Erriberatakoa izan da azken urteetan Donostiako Udalak gauzatutako hirigintza proiektu nagusia. Baina Auditz Akularrekoan hirukoiztu egiten da orduan eraikitakoa. Proiektuak talde ekologisten, auzotar taldeen eta hainbat gizarte talde nahiz alderdi politikoren kritikak jaso ditu. Gainera, krisiaren ondorioz, atzeratuz joan da proiektuaren idazketa. Izan ere, eraikuntza enpresek ez zuten argi ikusten proiektua.
Alabaina, Donostiako Udaleko Hirigintza zinegotzi Jorge Letamendiak nabarmendu du hirian egin den proiekturik «handizaleena» dela, eta esan du beharrezkoa dela.
Donostiako Altza auzoan 3.330 etxe egiteko proiektua onartu du udalak
134,5 milioi euroko kostua izango du proiektuak, eta lanak datorren urtean hasteko asmoa dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu