Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urkijok jakinarazi duenez, Donostiako Auzitegiak bertan behera utzi du Mutrikuko festetan euskal presoen alde egitekoak ziren bazkari bat. Urkijoren beraren ekimenez hartu du erabakia epaileak.
Beste bi helegite ere aurkeztu ditu: Oiartzungo jaietan abuztuaren 2an eta 4an egitekoak diren bazkari baten eta brindis baten aurka.
Urkijok laguntza eskatu die alkateei, jaiak "terroristak goratzeko eta biktimak umiliatzeko erabiltzea galaraz dezaten". Haren ustez, alkateen "betebehar morala" da galaraztea herrietako plazak "indarkeria erabili dutenak omentzeko" erabiltzea, eta Paris, Niza eta Bruselako erasoetako adibideak jarri ditu: "Inork ez luke onartuko EIko terroristekiko elkartasun bazkari bat antolatzea".