Donostiako Munoa bitxi dendan lapurreta bat izan dela baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Atea indarrez ireki dute, eta, dirudienez, lantza termiko bat erabili dute kutxa gotorra irekitzen saiatzeko.
Bitxi dendaren eraikin bereko bizilagun baten deia jaso du Ertzaintzak 08:00ak aldera. 05:00etatik bere etxean kea zegoela eman du abisu, eta suhiltzaileak joan dira Aldamar kalera. Etxebizitza miatu dute, eta, bertan surik ez zela ikusita, bitxi dendako jabeei deitu diete, lokalean sartzen utz ziezaieten. Orduan ohartu dira atea indarrez behartuta zegoela, eta Ertzaintza jarri dute jakinaren gainean.
Poliziak segurtasun perimetroa ezarri du Aldamar eta Jauregi Jeneralaren kaleetan, lapurrak oraindik dendaren barruan egon zitezkeela iritzita. Lokalaren barruan inor ez zegoela ziurtatu ostean, lapurreta ikertzeari ekin dio Ertzaintzak.
Suhiltzaileek adierazi dute lapurrek hainbat erreminta utzi dituztela dendatik ihes egin dutenean.
Ertzaintzak ez du argitu lapurrek zer eraman duten dendatik. Dendak bitxiak egiteko tailer bat du lokalaren barruan.