azpiegiturak

"Donostiako errauste planta gelditu" delako pozik da Alternatiba

Ezker abertzaleak uste du gaur egun "gauzak beste era batean" egiteko aukerak daudela.

2011ko abenduaren 15a
14:23
Entzun

Alternatiba pozik agertu da gaur, "Donostiako errauste planta gelditu delako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honen azken erabakia sei hilabetez atzeratu duelako, zaborren inguruan herri eztabaida zabaltzeko aurrerapauso bat emanez". Bilduk eta EAJk igandean 2012ko aurrekontuetako akordioa itxi ostean, Partzuergoak erabaki zuen errauste plantaren kontratua sei hilabetez etetea.

"Gipuzkoan erabateko oposizioa jaso izan duen tratamendu sistema hau baztertzeko aukera zabaldu zaigu azkenik", esan du Oskar Matute Alternatibako bozemaileak, prentsa ohar baten bidez. "Eztabaida serioa, zorrotza eta gardena irekiko da orain, eta bertan ingurumena eraikuntza enpresa potoloen interes ekonomikoaren gainetik jarriko da, herritarren osasuna kontuan izanda”.

Alternatibaren ustez, "zaborrak tratatzeko errauste planta baino askoz ere ekologikoagoak eta ez hain kutsatzaileak diren metodoak daude".

Ezker abertzaleak uste du plantaren "alternatiba" badagoela egun

Gipuzkoako ezker abertzaleak adierazi du "errauste plantari alternatiba" badagoela egun, herrialdeko herri batzuetan atez ateko sistemarekin ikusi den bezala. "Jendarteari aukera ematen zaionean, gauzak beste era batean egiteko gai da, eta arduraz jokatu nahi du".

Ezker abertzaleak gogoratu du Gipuzkoako 40 alkate baino gehiagok hondakinen bilketa selektiboan urrats berriak egiteko konpromisoa iragarri dutela; "erabaki horrek danbada itzela eman dio errauste plantari". Donostiako Zubieta auzoan egin nahi den plantak, gainera, 400 milioi euroko kostua lukeela esan du, "eta krisi larri honen erdian, Gipuzkoa hondamendi ekonomikora eramango du".

Hondakinen inguruko eztabaida, erakundeetan ez ezik, herritarrekin eta herriekin eman behar dela azpimarratu du ezker abertzaleak.

Hain zuzen, Idoia Aiastui, Iñigo Balda, Marian Beitialarrangoitia eta Pavel Viñas azaldu dira hedabideen aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.