AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak “nazio mailako” hiru manifestazioa antolatu ditu uda honetarako: abuztuaren 13an Donostian, abuztuaren 27an Bilbon, eta irailaren 11n Gipuzkoako hiriburuan berriz ere.
Hainbat urtetan egin den moduan, Aste Nagusiarekin batera egingo dira euskal presoen aldeko martxak Donostian eta Bilbon. Donostiakoa Bulebarretik abiatuko da, 20:00etan. Bilbokoa, berriz, Zabalburu plazatik, 19:00etan. Donostian ez ezik, beste hainbat herri eta auzotako jaietan ere antolatu ditu mobilizazioak taldeak.
Era berean, Kontxako estropaden bigarren astebururako ere deitu du AEMk mobilizazio batera Donostian; irailaren 11n izango da, eta Bulebarretik abiatuko da, 11:00etan.
Donostiako Trinitate Plazan eginiko agerraldi batean, AEMko kideek adierazi dute inoiz baino beharrezkoa ikusten dutela “amnistiaren aldarria” eta helburu hori gauzatzearen beharra zabaltzea.
Mobilizazio horiek antolatzea “hausnarketa baten ondorio” izan dela azaldu dute. Batetik, euskal presoen aldeko borrokan “hutsunea” nabarmena dela ondorioztatu du taldeak: “Horrek militante horien borrokaren despolitizazioa errazten du, askapen prozesuaren kalterako”. Eta, bestetik, presoen “borrokaren oinarrian” dauden arrazoiek —“Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalak eta sozialak”—, bere horretan jarraitzen dutela.
AEMk azaldu du azkenaldian egiten ari den mobilizazioen bitartez “gaurkotasuna” berreskuratu duela “amnistiaren gaiak”: “Azken garaietan herri eztabaidaguneetan galdutako tokia hartu du berriz”.