Donostiako Fires gune autogestionatua hustu egin dute udaltzainek

Gauerdian hasi dira Añorga auzoan den eraikina husten, eta hura eraisten ari dira orain. Donostiako Udalak plan bat onartu du okupaturiko lantegiaren eremuan eta haren inguruetan 248 etxebizitza eraikitzeko.

Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 28a
11:02
Entzun

Hustua da dagoeneko. Donostiako Udaltzaingoak gauerdi aldera ekin dio Añorga auzoko Firestone lantegi okupatuan ziren pertsonak kanporatzeari. Pixkanaka atera dituzte, eta, oraintxe bertan, eraikina eraisteko zereginetan dira zenbait langile, garabiarekin.

Orain arte, etxebizitza alternatiborik ez duten dozenaka lagunen bizitoki izan da Fires gune autogestionatua. Udaltzaingoak erakina hustuta, ordea, pertsona horietako asko lo egiteko lekurik gabe geratu dira. Hori dela eta, horiei laguntzeko eskea egin du Infernu Bizirik taldeak. Galdegin dute ahal duenak bere etxean har ditzala babeslekurik gabe diren horiek.

Ikusi gehiago:argazki bilduma.

Husteak sumindu egin ditu hainbat herritar, eta protesta egitera deitu dute gaur arratsalderako. Elkarretaratzea egingo dute 19:00etan, Donostiako udaletxearen parean.

Etxebizitza berriak

Donostiako Udalak okupaturiko lantegiaren eremuan eta haren inguruetan 248 etxebizitza eraikitzeko plana onartu duelako hustu dute orain arte gune autogestionatua izan dena. Jakina zen udalak aurrera eginen zuela asmo horrekin, eta, hori dela eta, Donostiako Añorga Txikiko auzotarrek protesta egin zuten joan den larunbatean. Salatu zuten auzoan horrenbesteko eragina izango duen proiektua izanda ere ez dela beren iritzia kontuan hartu.

Abandonaturiko lantegia 2015eko maiatzaren 1ean okupatu zen, bi helburu nagusirekin: Donostialdeko herri mugimendua saretzea eta ekoizpenerako bideak langileentzako berreskuratzea. Azken hilabeteetan, berriz, etxebizitza alternatiborik ez zutenentzako bizitoki ere izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.