Donostiako geltoki intermodala Loiolako Erriberan egiteari uko egin diote PSE-EEk, EAJk eta PPk, eta azpiegitura hori Atotxan eraikitzearen alde azaldu dira. Udalbatza egin zuten atzo hirian, eta udal gobernuaren asmoen aurka bozkatu zuten oposizioko alderdi guztiek. Geltokia Erriberan egitearen aldekoa da Bildu, baina Atotxa lehenetsi zuten beste hiru alderdiek, udalbatzan gehiengoa osatuta. Edonola ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ebatzi behar du oraindik geltokia Atotxan egiteak ez duela ingurumenean kalterik eragingo.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen arabera, «hala egin behar bada», Atotxan egingo dute azkenik geltokia. Baina ñabartu du «ongi kudeatuta» eraikiko dutela eta ez dutela «lardaskeria bat» egingo. Geltokia Atotxan eraikitzea «garestiagoa eta arriskutsuagoa» izango dela uste du Izagirrek, eta gaineratu du Atotxan geltokia ezingo litzatekeela gerora handitu. Ordea, handitu egin liteke Erriberan eraikiz gero, alkatearen esanetan.
PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok «bakartze politikoa» egotzi dio Izagirreri, eta hari leporatu dio Erriberako egitasmoaren porrota. PPko zinegotzi Ramon Gomezek, berriz, esan du Donostiak «benetako» geltoki bat behar duela eta hori Atotxakoa dela. EAJko zinegotzi Eneko Goiaren iritziz, ez da frogatu Erriberako proiektua Atotxakoa baino hobea denik, eta eztabaida alde batera uzteko eskatu du.
Gasteizen, galdeketaren alde
Gasteizen galdeketa bat egitea proposatu zuen herenegun Bilduk, autobus geltokia non eraiki behar duten erabakitzeko. Asmo horrekin bat egin zuen atzo EAJk. Bi kokalekuren inguruan galdetzea proposatu zuen Bilduk, baina, EAJren iritziz, hiru izan behar dira proposamenak: Euskaltzaindiaren plaza, Arriaga plaza eta egitekoak diren tren geltokiaren kokapen bera. Galdeketak zentzurik ez duela adierazi zuen herenegun Gasteizko alkate Javier Marotok.
Donostiako geltokia Atotxan egitea erabaki du oposizioak
Geltokia Loiolako Erriberan egitearen aldekoa da Bildu; asmo hori atzera bota dute PSE-EEk, EAJk eta PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu