Donostiako geltokia egiteko laguntza bermatu du aldundiak

Kokapena «edozein dela ere» bost milioi euroko laguntzari eutsiko diotela berretsi du Larraitz Ugartek

jon olano
Donostia
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du Donostiako autobus geltoki nagusiaren eraikuntza, haren kokalekua «edozein dela ere». Diputazioak, beraz, ez du baldintzatuko udalaren erabakia, «errespetatu» egingo du, eta babesa emango dio geltokia Atotxan egitea erabakitzenbadu ere. Bilduk osatutako udal gobernuak Loiolako erriberan eraiki nahi du geltokia, baina proiektu horren aurka azaldu dira oposizioko alderdi guztiak. PSE-EEk, EAJk eta PPk nahiago dute geltokia Atotxa inguruan eraiki, aurreko udal gobernuak iragarri zuen lekuan.

Donostiako Udalak atzo aurkeztu zion diputazioari geltokia erriberan egiteko egitasmoa. Bilera egin zuten Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek eta aldundiko eledun eta Mugikortasun eta Azpiegitura diputatu Larraitz Ugartek. Batzartu baino lehen, udala diruz laguntzeko konpromisoa azaldu zuen Ugartek. Aurreko foru gobernuak, EAJk eta Hamaikabatek osatuak, bost milioi euroko diru laguntza agindu zion orduan PSE-EEk zuzentzen zuen udal gobernuari, eta kopuru horri eutsiko diola ziurtatu zuen Ugartek: «Diru sail hori onartuta dago». Molda daitekeen gauza bakarra bost milioi horiek ordaintzeko epeak dira, Ugartek jakinarazi zuenez.

Geltokia Loiolako erriberan eraikitzeko ekimena «interesgarria» dela adierazi zuen Ugartek, baina xehetasun gehiago behar zituela: «Proiektua lasai aztertzen dugunean esango dugu zein den diputazioaren proposamena».

Gipuzkoa, «geldi»

Diputazioaren kudeaketa kritikatu du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak; herrialdea «geldi» dagoela egotzi dio. Donostia aldeko metroa eraikitzea defendatu du Arriolak, eta gaineratu du harrigarria iruditzen zaiola Bildu horren aurka egotea: «Ez da harrigarria [koalizioa] abiadura handiko trenaren eta Pasaiako kanpoko kaiaren aurka egotea, baina bai ikasleen, langileen eta etxeko andreen trenaren aurka egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.