erraustegia

Donostiako Gipuzkoa plazan lo zakuekin elkartzera deitu dute igandean 16:00etan

Erraustegiaren eta egungo eredu politiko-ekonomikoaren aurka deitu dute protestara. "Inflexioa" izan nahi dute. [Youtube]https://youtu.be/G34W4PxeegQ[/Youtube]

2016ko maiatzaren 25a
15:25
Entzun

Sare sozialetan zabaldu du Gipuzkoa Zutik kontuak deialdia: Ustelak lurpera, bizitza da handiena lelopean, plaza hartzera deitu dute, Zubietako errauste planta ikur hartuta, baina testuinguru zabalago batean: "Gipuzkoako lau familiaren patrika betetzeko egiten duten jokaldia beti bera delako, haserreak, borrokak eta erantzunak elkartu behar ditugu. Sistema da arazoa, eta horretarako sinbolo bat hartu eta denon artean garaitu behar dugu. Erraustegia Gipuzkoako politika eta sistema ustel honen sinboloa da dudarik gabe".

Lo zakua eramateko deia egin dute, eta gogoan izan dituzte beste leku batzuetako protesta batzuk: "Herritarrak mundu osoan altxatzen ari dira, plazak hartuz botereari desafio egiten. Nuit Debout, M-15, Saharako Gdem Izik, Istanbulgo Gezi eta mundu osoan zabaltzen ari den Occupy gara. Mundu mailako erantzuna behar du egoerak, eta Euskal Herrian ez dugu gutxiago izan nahi".

Politika eredua aldatzeko "palanka" izan nahi dute: "Gaurdanik hasita denok hobeto bizitzea nahi dugulako, plaza hartu behar du bizitzak, pertsonek, norbanako bakoitzaren hitzak. Jar dezagun praktikan nahi dugun bizitza. Sakondu dezagun demokrazia zuzenean. Kalean, elkarrekin, eta gure artean sortuko dugun logika baten arabera mugitzen, desafioa gara dena kontrolpean nahi duen boterearentzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.