Festa ofizialki gauerdian hasiko den arren, gaur ere jai giroa da nagusi Donostian. Udaletxeko udalbatza aretoan hiritar merezimenduaren dominak banatu dituzte eguerdian. Bost izan dira aurten sarituak. Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' batetik. Joseba Alvarez semeak hartu du saria eta 'Euskal Herrian euskaraz' jartzen zuen pankartarekin egin ditu adierazpenak. Jaime Caballero igerilaria izan da bigarren saritua. Distantzia luzeko hainbat zeharkaldi egiteagatik egin da ezagun Caballero, esklerosisa dutenen alde. Hirugarren sarituak, Luisa Etxenike idazleak, kulturak izan dituen murrizketak salatu ditu. Donostiako haur jaio berrien unitateak eta Txotxongilo taldeak urteetan egin duten lana ere saritu nahi izan dituzte. 1971ean sortu zen taldea, eta haurrei euskaraz aisialdia eskaintzen aitzindariak izan ziren.
Ekitaldia Ramon Agirre aktoreak aurkeztu du, eta Juan Karlos Izagirre alkateak banatu ditu dominak. Han izan dira, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea. SanSebastian martxa kantatuz amaitu dute ekitaldia.
Aurretik Udaletxeko terrazan, 1.400 danbor jolek, haur zein helduk, Donostiako Antzinako himnoa jo dute, txistulari bandaren laguntzarekin. Aurten berrehun urte bete dira Portugalgo eta Erresuma Batuko tropek hiria erre zutela. Jose Mari Usandizagak garai hartako biktimen alde sortutako hiriko himnoa berreskuratu dute gaur.