Ikasleak manifestazioan dira goizean goizetik: fakultate guztietatik pasatu dira, eta itxialdian ateratako ondorioak irakurri dituzte. Atzoko ekimena bere horretan ez geratzeko asmoa eta hezkuntza lege propioaren alde kolektiboki lan egiteko beharra nabarmendu dute ikasleek.
Carlos Santamaria zentroan eman du gaua Ura O'Connorrek: BERRIAri azaldu dionez, 07:00 aldera esnatu dira, garbiketa egin, eta martxan jarri dira berriz bertan bildutakoak. Ikasleek, aurrera begira, lanean jarraitzeko asmo irmoa dutela azaldu du. "Borrokatzeko jendea egon badago, eta aprobetxatu egin behar dugu LOMCEri erantzun kolektiboa emateko". Itxialdian ideologia desberdinetako jendea bildu dela nabarmendu du O'Connorrek: "Guztiaren gainetik, LOMCEri ezezko borobila emateko nahia dago: lanketak aurrera jarraituko du". Grebaren aurretik, ikastetxez ikastetxe antolatu ziren ikasleak, eta hemendik aurrera ere horri eutsiko diote, eta beharrezko ikusten dutenean, deialdi kolektiboak iragarriko dituzte.
Itxialdian parte hartu dutenek honako adierazpen hau zabaldu dute gaur:
Hezkuntza herritik herriarentzat.
"Martxoaren 27ko grebarekin bat eginez, Donostiako mobilizazioetan elkartutako 150 ikaslek Carlos Santamaria okupatu dugu, eta itxialdia egin gau osoan. Jatorri eta ideia ezberdinetako ikasleok gure iritziak partekatu ditugu bertan hainbat orduz, eta esperientzia aberasgarri honetatik ondorio hauek atera ditugu:
- Egungo hezkuntza ereduarekiko eta inposatu nahi diren eredu berriekiko desadostasuna orokorra dela Hego Euskal Herriko ikasleon artean, eta asko daudela horren kontra borrokatzeko prest.
- Egunerokoan zentro, fakultate eta auzo bakoitzean nork bere baliabideekin borrokan jarraitzea beharrezkoa dela, eta lanketa ez dela greba egunera mugatu behar.
- Itxialdiaren bitartez sortu diren harremanak ez direla etengo, erantzun bateratuak ematen jarraituko dugula etorkizunean ere.
Horrenbestez, Donostiako ikasle guztiei gure esperientziaren berri ematearekin batera, guztiona den borroka honetara batzeko deia egiten dizuegu.
Aldi berean, Euskal Herriko beste txoko batzuetan atxilotu dituzten ikasleei gure elkartasuna adierazi nahi diegu".
Atzoko atxilotuak
Atzo bertan askatu zituzten Bilbon protestetan atzemandako lau lagunak. Iruñean, berriz, ez dago argi zenbat lagun atxilotu zituzten: zortzi eta 11 lagun bitartean izan daitezke, atzo zabaldutako informazioen arabera. Gaur Europa Press agentziak zabaldu duenez, bederatzi izan ziren: horietako bost aske utzi zituzten, gurasoen zaintzapean, eta gaur beste hiru utzi dituzte libre, baina karguak dituztela. Beste atxilotua ez da pasatu oraindik epailearen aurretik.