Uholdeak

Donostiako Loiola auzoan errepidea itxi dute, uholdeetako protestetan

Jendeak edukiontziak gurutzatu ditu, eta Ertzaintza azaldu da erretiratzera. Artelekun kalteak handiak direla jakinarazi du Gipuzkoako Aldundiak; gutxienez, litografia bat eta hainbat liburu oso garrantzitsu kaltetu ditu urak. Kalteak zenbatutakoan esango dute diru laguntzak zenbatekoak izango diren. Donostian kaltetutakoek "triste eta haserre" jarraitzen dutela dio Irutxuloko Hitza-k. Derioko emakumearen bila jarraitzen dute. 

2011ko azaroaren 8a
19:08
Entzun

Donostian Loiola eta Martutene auzoetan jendea haserre dago, uholdeek kalte material handiak sortu dituelako, eta gaur 13:00ak aldera Loiolako tren geltokiaren inguruan hainbat lagunek edukiontziak errepidean gurutzatu ditu, protesta modura, eta trafikoa moztu dute. Ertzaintzak erretiratu ditu edukiontziak.

Bizilagunak kexu dira, erakunde publikoetako arduradunak uholdeak gertatu ondoren azaldu zirelako auzoetara, eta ez lehenago, arazoak konpontzera.

Irutxuloko Hitza-ren arabera, Txomin Enea eta Martuteneko bizilagunek zer egin ez dakitela jarraitzen dute. "Triste daude, babesik gabe sentitzen dira eta euren haserrea ere nabaria da. Tarte batzuetan oraindik ere ura kendu gabe dago eta etxe askoren atariak hartuta daude. Gainontzean, ordea, lokatza da nagusi, eta alde guztietatik ikus daitezke etxebizitza eta lokaletatik ateratako altzari puskatuak".

Arantzazuko Ama Martuteneko ikastetxea ostiralera arte itxita izango da.

Artelekun kalteak handiak direla jakinarazi du Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, asteburuan izan ziren uholdeek kalte handiak eragin dituzte Arteleku kultur zentroan, eta gutxienez litografia bat eta hainbat liburu "oso garrantzitsu" kaltetu ditu urak. Uholdeen balorazioa egiteko agerraldia egin du Aldundiak, eta esan du kalteak zenbatzen ari direla, eta zenbaketa amaitzean erabakiko dutela zer diru-laguntza eman.

Gaineratu du Aldundiak eskura zituen baliabide guztiak jarri zituela uholdeek sortutako kalteak gutxitzeko, atzo EAJk leporatu ostean ez duela ahal zuen guztia egin.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari euren laguntzak lehenbailehen erabakitzeko eskatu die Aldundiak. Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak jasandako kalteak zenbatzeko eskatu die herritarrei, eta ahalik eta agiri gehien aurkezteko. Erakundeek aseguru etxeetara jotzeko eskatu dute.

Bihar beste bilera bat egingo du Aldundiak udalekin. Hainbat herrietan diru laguntzak bideratzeko bulegoak jarri dituzte. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak konpromisoa hartu du uholde arriskuari agintaldi honetan aurre egiteko. Donostiako Martutene auzoan, Astigarragan, Hernanin eta Andoainen kalteak zenbatzen ari dira. Udalek hondamendi egoera izendatzea eskatu dute.

Kalteak, begibistan

Gaur Gipuzkoan egun eguzkitsua bada ere, oraindik nabarmenak dira uholdeak eragindako kalteak. Irutxuloko Hitza-k jakinarazi duenez, uholdeengatik kaltetutako bizilagunek triste eta haserre jarraitzen dute: "Loiola auzoan zakarra jasotzeko lurpeko sistemak ez du funtzionatzen. Gaur goizean arazoak konpondu nahiean zebiltzan langileak, baina bien bitartean, zaborra pilatuta dago espaloietan. Ibaiari begiratuta, berriz, sekulako zikinkeria ikus daiteke eta zubietan pilatuta geratzen ari dira".

Derioko emakumearen bila jarraitzen dute

Ertzaintzak gaur ekin dio berriro Derion desagertutako 66 urteko emakumearen bilatze lanei. Larunbatean desagertu zen, etxetik irten ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.