Donostiako Mirakontxan dagoen Londres hotela eta beste eraikin bat hustu behar izan dituzte suhiiltzaileek, sotoan luizi bat gertatu delako. Etxebizitzetan zeudenek zarata ozen bat entzun dute, eta haiek deitu diete suhiltzaileei.
Bi eraikinon ondoan Donostiako metroaren lanak egiten ari dira. Eusko Trenbide Sarea da lan horien arduraduna. Teknikariak aztertzen ari dira zer gertatu den. Esan dutenez, habe bat apurtu da erakinaren azpian.
Zuloak metroaren obrekin loturarik duen galdetuta, Jon Txabarri Donostiako Hirigintza zuzendariak esan du «kausa-efektu erlazio bat» egon dela: «Bat-batean sortutako kausa bat izan da, ez da arduragabekeriarik izan. Tunel bat egiterakoan, galeria bat sortu da, eta horrek eragin du hondarra mugitzea eta hara joatea». Istripu bat izan dela gaineratu du, «baina istripu teknikoa. Edozein obratan sor daitekeen zerbait da: espero ez den zerbait, ikerketa geologiko eta teknikoak eginda ere».
Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak azaldu duenez, metroaren obretan «ur iragazketa bat» gertatu da, «eremu karstiko batetik datorrena, eta Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikineko sotoan zulo bat eragin duena. Nola eutsi aztertzen ari gara, nola estali soto hori, zulo hori. Itxuraz, eraikinean ez dago egiturazko arriskurik».
8 eta 10 zenbakietako bizilagunak irtenarazi egin dituzte, eta eraikinaren egitura osoa ikuskatuko dute, Aizek jakinarazi duenez: «Dagoeneko lekuko topografikoak jarri ditugu fatxada osoan, bilakaera neurtzeko».
SOS Deiak-ek hasieran adierazi duenez, «ur jarioa» gertatu da.
DONOSTIA-SAN SEBASTIAN, Zubieta kalean ur jarioa dela eta kaleko bi eraikin eta Londres hotela ateraraziak izan dira. Zauritu barik.
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) June 5, 2020
---
DONOSTIA-SAN SEBASTIAN, debido a un fuga de agua en la calle Zubieta han sido desalojados dos portales y el hotel Londres. Sin heridos. pic.twitter.com/tTguiz2kYk
Bizilagunek goizerako nabaritu dute zerbait gertatu dela: «Goizaldera, krakateko bat entzun dugu, eta 08:00etan, zarata handi bat. Azken solairuetan ez zeukaten urik; iturginari deitu diote, eta iturginak ikusi du dena erorita zegoela».
Hegalak kirol zentroa ere hustu egin dute. Zubieta kaleko zirkulazioa eten egin dute, eta Kontxa pasealekuaren zati bat itxi.
Sotoa hormigoiz betetzen hasi dira 16:00 aldera.
Hormigoi kamioiak bata bertzearen atzetik @berriapic.twitter.com/VKsFwgdxPZ
— Maddi Ane (@mtxoperena) June 5, 2020
Hotel Londresen gaurko eraikina 1916. urtean zabaldu zuten, eta seigarren solairua gehitu zioten 1922. urtean. Asko zabaldu zuten eraikina 1930. urtean.
Donostiako Udaleko ordezkariek azaldu dute metroaren obrekin lotutako «istripu tekniko» bat izan dela, Zubieta kaleko 8. eraikineko sotoan, baina eraikina oro har ez dagoela kaltetua. Bizilagunek hotel batean igaro beharko dute gaua.
Jose Mari Gutierrez obrako zuzendari teknikoak adierazi duenez, ez ziren «jabetzen hemendik 120 metrora dagoen tunelaren eta eraikinaren arteko harremanaz. Egia da ur filtrazioak izan ditugula, logiko den bezala, edozein tunel egiten denean bezala. Ur filtrazio horiek tratatu egiten dira, edo inpermeabilizatzen saiatzen gara, baina ohartu gara Kontxako hondartzaren gune hau gune karstiko bat dela, zuloguneak daudela, eta horietako batzuek harreman zuzena dutela eraikin horrekin». Zer gertatu da? «Logikoa den bezala, tunela egiterakoan, nahiz eta 120 metrora egon, ur filtrazio batzuk sortu dira, zeinek hondarra eraman duten, eta zimendatzean zulo bat sortu duten».
Zuloa «txiki samarra» da, Gutierrezen arabera: «Logikoa da honek alarma sortzea, baina eraikinean behin-behinean egindako ikerketaren ondoren, egiaztatu dugu eraikinak ez daukala pitzadura edo arrakalarik. Segurtasunagatik, Londres hotelera eta 10 zenbakiko eraikinera zabaldu ditugu neurriak, eta udalak esango du noiz sar daitekeen eraikinetan».
Zuloa hormigoiz betetzen ari dira, zimentazioa berriro egiten, zutabeetako bat erori egin baita. Zorionez, ez zuen karga asko transmititzen: ez du pitzadurarik eragin.
Oharra asteazkenean
Duela bi egun, ekainaren 3an, lanetan ura topatu zutela adierazi zuen Twitter sare sozialean @topometro erabiltzaileak, bideo baten bitartez. Txiolariari bideoa pasatu zion pertsonarekin hitz egin zuen Irutxuloko Hitza-k, eta hark adierazi zion grabazioa ez zela egun horretakoa, berehala ez argitaratzea erabaki baitzuten, «enpresak ez jakiteko nork grabatu duen bideoa».
ERNE!!! Donostiako metroko obretan urarekin topo egin dute!!! pic.twitter.com/lAew9f7Ds6
— Topometro (@topometro) June 3, 2020
Kazetariari azaldu zioenez, AHTaren lanetan ere gertatzen dira horrelako isurketak, baina Donostiakoa ez zela «normala» gaineratu zuen: «AHTan, askotan lur azpiko urmaelak aurkitzen dituzte: ura erortzen da, zuloa estaltzen dute, eta jarraitu egiten dute. Kasu honetan, ordea, ur dezente erortzen ari da; urmael bat izan daiteke, baina ez dakite nondik datorren, eta bost axola zaie. Zulatzeko makina batekin zuloak egiten dituzte beste aldean zer dagoen jakiteko eta ondoren aurrera jarraitzeko, baina, kasu honetan, urarekin egin dute topo. Normala dela esango dute, baina niri ez zait oso normala iruditzen». Era berean, nabarmendu du horrenbeste ur ateratzeak «beldurra» ematen duela, eta gaineratu zuen aste honetan bi langilek borondatezko baja eskatu dutela, «ez zirelako seguru sentitzen».
Bideoaren egileak esan zuen bideoa Kontxa inguruko obretan grabatu zutela, eta nabarmendu zuen lanen gainean dauden etxeak «oso zaharrak» direla eta askok egurrezko habeak dituztela: «Teknikari askorekin hitz egiten dut, eta esaten didate egurrezko habeak onak direla, baina lehor edo bustita egon behar direla, aldaketak kalte egiten diela. Orain, ordea, horrenbeste lur mugitzen ari dira azpian, eta Donostia padura bat da. Ez dakite ura zehazki nondik datorren, baina itsasoa hor bertan egonda, asko ematen du pentsatzeko».
Metroa luzatzeko egitasmoaren kontrako Satorralaia mugimenduak adierazi du etxebizitzetan pitzadurak, arrakalak eta bestelako kalteak salatu dituztela azken egunetan inguruetako biztanleek. «Easo kalearen (1 zenbakia) eta Zubieta kalearen (1-E zenbakia) ertzeko eraikin batean, ezegonkortze estrukturala gertatu da: etxearen egitura osoa mugitu, eta obraren alderantz okertu da eraikina». Mikel Alvarez Satorralaia mugimenduko kideak esan duenez, gaurko ezbeharra gertatu den eraikinaren pareko bizilagunekin bilkura egin zuten otsailean, eta haiek esan zieten euren eraikinetan «egituraren desorekak» eragin zituztela. Ordurako lau zentimetrokoak zirela salatu zuten.
Gaineratu duenez, «hamarnaka salaketa» jarri dituzte biztanleek ustez metroko lanek eragindako kalte txikiagoengatik ere. Gaur ezbeharra pairatu duen blokearen azpitik pasatzen da metroaren ibilbidea, Alvarezen arabera.
Mugimenduak kalteen simulazio bat egiteko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. «Martxoan erantzun ziguten ez zutela beharrezko ikusten».
Mugimenduak protesta elkarretaratze batera deitu zuen atzo ekainaren 21erako, Donostiako metroaren lanak Kontxako hondartzaren azpian egiten ari direla salatzeko. Hain justu, gaur ezbeharra gertatu den lekutik oso gertu egin asmo dute protesta: Kontxako pasealekuko erlojuetan. Salatu zuten «zentzugabeko azpiegitura honek Kontxako hondartzaren itsas lurpea Perlatik Londres hotelera 300 metroko tarte batean zulatzea aurreikusten duela, eta itsas azpian urak ponpatzeko potentzia handiko estazio bat kokatzea» .
«Ingurua oso kaltetuta dago», esan du Alvarezek. «Argi dago metroaren obren eraginez gertatu dela gaurkoa». Adierazi du Donostiaren gune hori paduraren gainean dagoela eraikita, eta obra «oso erasokorra» dela. Lanak gelditzeko eskatu du.