San Markoko mankomunitatean gehiengoa galdu du Bilduk, EAJ eta PSE-EEren mesedetan. Azken bi alderdi horiek, PPren laguntzarekin, Donostiak San Markon duen ordezkaria aldatzea lortu dute. Horrela, Nora Galparsororen (Bildu) kargua hartuko du Ramon Gomezek (PP); Denis Itxasorekin batera (PSE-EE) ordezkatuko du Donostia mankomunitatean. Atzo onartu zuen mozioa udalak, osoko bilkuran; EAJk, PSE-EEk eta PPk bozkatu zuten alde.
Lasarte-Orian egin zuten lehen urratsa, uztail hasieran, San Markoko agintea aldatze bidean; Lurdes Azebedok (PSE-EE) ordezkatu zuen Nerea Santxez (Bildu). EAJk, PSE-EEk eta PPk bozkatu zuten alde, orduan ere. Bi aldaketa horiekin, EAJk eta PSE-EEk errauste plantaren aldeko gehiengoa lortu nahi zuten San Markon. Baita lortu ere: 87 boto edukiko dituzte biek, Donostiako 23ak eta Lasarteko 6,5ak eskuratu ostean; Bilduk, berriz, 69edukiko ditu.
San Markon egingo den aldaketa horrek eragina izango du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan (GHK); errauste plantaren alde dauden mankomunitateek pisu handiagoa izango dute, aurkakoek baino. Hala ere, Bilduk botoen gehiengoa edukiko du partzuergoan: une honetan, Gipuzkoako Foru Aldundia (botoen %33), Sasieta (%6), Debagoiena (%6), Tolosaldea (%4), Urola Kosta (%4) eta Urola Erdia (%3) daude Bilduren esku. Guztira, botoen %56. EAJk eta PSE-EEk, berriz, San Markon (%29), Debabarrenan (%7) eta Txingudin (%7) dute gehiengoa. Azken hori, ordea, ez dago partzuergoaren barruan gaur egun; Auzitegi Gorenak utzi zuen erakundetik kanpo, forma akats bat zela medio. Txingudi onartzeak, hala ere, ez luke aldaketarik eragingo; Bilduren esku jarraituko luke gehiengoak.
Partzuergoaz gain, Gipuzkoako zabortegiak ere Bilduk kontrolatzen ditu; Urola Kosta, Urola Erdia eta Sasieta mankomunitateenak dira zabortegi horiek —Lapatx, Urteta eta Sasieta—.
San Markon egindako aldaketek partzuergoan errauste plantaren aldeko gehiengoa ekarriko ez badute ere, «eragina» izango dute, EAJ, PSE-EE eta PPren ustez. Nabarmendu dute aldaketek Gipuzkoako Foru Aldundia «estuasun batean» jarriko dutela: «Aldundiak etengabe errepikatu du hondakinen kudeaketan eskumen gehien duten erakundeak mankomunitateak direla; orain, aldaketen ostean, San Markon errauste plantaren aldeko gehiengoa dago. Beraz, aldundiak errespetatu egin behar luke mankomunitateen gehiengoaren aldeko iritzia eta jarrera».
Tolosako Udalaren erronka
Hondakinak birziklatzeko plan bat ezarriko du Tolosako Udalak. Planaren helburua izango da hondakinen %70 birziklatzea 2014. urterako; 2016. urterako, berriz, %85 birziklatzea espero du udalak.
Sopelako Udalak ere birziklatzearen aldeko kanpaina bat jarri du abian. Xedea bertako hondartzetan hondakinen kudeaketa egokia egitea da, eta erabiltzaileak kontzientziatzea. Antzerki bat egingo dute abuztu hasieran, gaiari buruz hausnartzeko.
Donostiako ordezkaria aldatuta, Bilduk gehiengoa galdu du San Markon
Donostiako eta Lasarte-Oriako aldaketekin, 87 boto dituzte EAJk eta PSEk; Bilduk, berriz, 69
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu