Igeldoren desanexioak tentsio politiko handia eragin du Donostiako Udalean gaur, eta horren erakusgarri gaur osoko bilkuran gertatu dena izan da. Gaiaren larrialdia ukatu gabe baina gai ordenan sartzeko epea abenduaren 18an amaitu zela esanez, Donostiako alkateak uko egin dio gaur desanexioaren gainean oposizioak aurkeztu duen proposamenaz aritzeari.
Igeldoko gaia aztertzeko ezohiko bilkura abenduaren 27rako iragarri zuen atzo Juan Karlos Izagirre alkateak, eta esan du gaur ez dela horretarako eguna. Bilduren gobernuak esan duenez, oposizioa aldatuz joan da testua, azken unera arte. Ordu erdi lehenago jaso dute gaiari buruzko txostena. Oposizioa, berriz, asko haserretu da: "Francoren garaiko jarrera izan du alkateak", esan du Marisol Garmendia PSE-EEko kideak.
Lehenik, PP eta PSE-EEko ordezkariak atera dira bilkuratik, desanexioaren dekretuari helegitea jartzeko eztabaidak aurrera egin ez duelako. EAJko Eneko Goiak alkateari eskatu dio bertan behera uzteko osoko bilkura, ordezkaritza gutxirekin geratu delako. Juan Karlos Izagirrek ezezkoa eman dio, eta hark ere alde egin du.
Igeldoko desanexioa bertan behera uzteko eskatu du, berriz, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Donostiako administrazioarekiko auzietako auzitegian. Espainiako Estatuaren abokatuak herri kontsulta baliogabetzea eskatu zuen azaroan, eta baliogabetze hori dekretura zabaltzea eskatu du orain Urkijok.
Bestalde, hainbat herritarrek manifestazio bat antolatu dute larunbaterako Donostian, Igeldoko herritarren erabakitze eskubidearen alde. Fito Rodriguez idazleak eta Alizia Sturtze historialariak gogorarazi dute Astigarragan eta Lasarten bi herri horietako biztanleen iritzia aintzat hartu zela. Donostiako Udaleko oposizioak desanexioa auzitara eramatea "lekuz kanpokoa" dela uste dute.