Donostiako plenoak bihar erabakiko du Landarbasoko lekua onartu ala ez

Gipuzkoako Diputazioa eta mankomunitateak errauste planta han kokatzeko prest agertu dira

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2006ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako udal batzarrak bihar egingo den ez ohiko plenoan erabaki beharko du Odon Elorza alkateak errauste planta egiteko proposatutako Landarbason dagoen Igoin Azpiko kokalekua onartzen duen ala ez. Aurreikuspenen arabera, seguruena aurrera egingo du Elorzaren proposamenak, Udalean ordezkaritza duten ia alderdi gehienek, EBk izan ezik, begi onez hartu dutelako proposamena. Baga Boga ezker abertzaleko plataforma ere aurka azaldu da.

Udal batzarrak iazko ekainean Gipuzkoako mankomunitate guztiek aukeratutako Aritzetako kokalekua bazterrean utzi ondotik iritsi da Donostiako PSE-EEren proposamen berri hori. Iaz Aritzetako kokalekua onartu ez arren, erraustearen alde egin zuen udal batzarrak, eta ondorioz, Donostian errauste planta non jar zitekeen aztertzeko eskatu zion Udalari. Hala, Donostiako Plan Orokorraren Bulegoa, Udalaren aginduz, errauste planta non jar daitekeen aztertzen aritu da, eta hiru leku aurkeztu ditu: bat Zubietan (Atxulondo-Abalotz eremua) eta beste bi Landarbason (Larratz eta Igoin Azpi). Hiru proposamenen artean udal teknikariek Igoin Azpiren alde egin dute, eta horixe izango da biharko plenoan Udalak bozkatzeko aurkeztu duena. Halaber, Gipuzkoako Diputazioa eta mankomunitateak kokalekua onartzeko prest agertu dira, «baldintza guztiak» betetzen baditu.



IKA-MIKA UGARI. Donostiako Udalak Landarbasoko kokalekua onartuko balu, azken urteotako «blokeo instituzionalari» amaiera emateko aukera legoke, eta errauste plantaren proiektuari argi berdea eman. Erraza ez da izan, ordea. Urteotan gainditu behar izan dituen trabak ez dira gutxi izan, neurri handi batean, herritarrak proiektuaren aurka azaldu direlako.

Gipuzkoako Diputazioak 2002. urtean onartu zuen Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala (2002-2016). 2006tik aurrera Gipuzkoan zaborrak tratatzeko beharko ziren azpiegiturei zegokionez, hiru aukera aztertu ziren. Lehenengo aukerak Gipuzkoa osorako aurretratamenedu mekaniko-biologikorako planta bat eta horren osagarri izango zen errauste planta bat eraikitzea aurreikusten zuen. Bigarren aukerak bi errauste planta eraikitzea jasotzen zuen, bat Donostia eta Tolosa artean, eta, bestea Txingudin. Hirugarren proposamenean konpostaje planta bat eta hiru errauste planta aurreikusten ziren.

Ordurako Txingudiko eta San Markoseko mankomunitateek euren planak onartuta zituzten, eta horien arabera, mankomunitate bakoitzean errauste planta bana egitea erabaki zuten: Txingudik Gaintxurizketan eta San Markosek Urnietan. Diputazioak, ordea, herrialde osorako errauste planta bakarra eraikitzea proposatu zien mankomunitateei. San Markosek bere proiektua bazterrean utzi zuen, baina Txingudiko mankomunitateak berearekin aurrera egitea erabaki zuen. Hala, 2004ko otsailean, «Txingudiko erabakia errespetatu», eta Gipuzkoan bi errauste planta eraikitzea adostu zuten. Bigarrena non egin erabakitzeko Gipuzkoa osoko azterketa egin zuten. Hala, lau hilabete beranduago, bederatzi herriko zerrenda aurkeztu zuten: Bergara, Villabona, Usurbil, Zubieta, Donostia, Zestoa, Urnieta, Ormaiztegi eta Beasain. 2004ko uztailaren 19an ezagutu zen erabakia: bigarren errauste planta Donostiako Loistegikogainan, Aritzetan, egitea erabaki zuten bozketa bidez.

Odon Elorza Donostiako alkateak ez zuen bozketan parte hartu, «EAJk eta EAk erabakia aldez aurretik hartu zutelako». «Arrazoi politikoak» atzeman zituen erabakian. Ordutik ika-mikan aritu dira; bereziki, EAJ eta PSE-EE. Elorzak Donostian errauste plantarik ez zela egingo esan izan du,«aurka» dagoelako, eta Donostian lursailik ez dagoelako.

Kontuak kontu, udal batzarrak iaz Aritzetakoa baztertzean, beste kokaleku bat proposatu behar izan du Odon Elorzak, bere esanetan, EAJk xanataia egin diolako. Bi urtean Donostiako kokalekuarekin deman aritu ostean, San Markoseko mankomunitateak zabortegia aurten ixtea erabaki du. 2009. urtera arte luza zezakeen. Horregatik, presio bide bat izan dela dirudi. Erabakiak San Markos mankomunitatean arazo larria eragin du, izan ere, errauste planta egin bitartean, zaborra nora eraman ez dutelako. Gainerako mankomunitateekin adostu zuten, errauste planta egin bitartean, San Markoseko zaborrak euren zabortegietara eramatea. Haatik, Donostiako Udalak errauste plantarekin zirt edo zart egiten ez zuela ikusita, aurtengo apirilean Sasieta, Urola Kosta eta Urola Erdiko mankomunitateek Elorzari ohartarazi zioten San Markos zabortegia itxi eta gero, ez zituztela Donostiako zaborrak euren zabortegietan kudeatuko, errauste planta non egingo duen zehaztu ez zuelako. Hori «xantaia» izan dela dio Elorzak.



ERRAUSTE PLANTA BAKARRA. Orain dela hiru urte Txingudiko mankomunitateak euren proiektuari eustea erabaki bazuen ere, orain, bertan behera uztea ari dira aztertzen, eta

zaborrak Donostiako errauste plantan erre nahi ditu.

Hiru urte eta gero, proiektua ia hasieran bezala dago: Gipuzkoa osorako errauste planta izan daitekeen kokalekua erabakitzeko atarian. Badago, dena den, ezberdintasun handia: gero eta herritar gehiago daudela zaborren tratamendu horren aurka.



javier zarraonaindia Urola Kostako mankomunitateko presidentea

«Eskaintza solidarioa egin diogu Donostiako Udalari, ez xantaia»

a. solaberrieta

Donostia

Javier Zarraonaindia Zarauzko EAJko zinegotzia eta Urola Kostako mankomunitateko presidentea da. Bihar errauste plantarentzako kokalekua erabakitzea espero du.

Donostiako Udalak bihar du errauste plantaren kokalekua erabakitzeko plenoa. Orain arteko blokeo instituzionala amaitzeko lehen urratsa izango da?

Bai. Mankomunitate guztien artean errauste plantaren kokalekua erabakitzeko prozedura adostu genuen. Orduan aurkeztu ziren bederatzi lekuetatik Donostiako Aritzeta aukeratu genuen. Odon Elorzak ez zuen kokagune hori onartu. Gu ez gaude inposaketaren alde, akordioaren alde baizik. Donostiak beste kokaleku bat aukeratzen badu, eta kokaleku horrek hasieran adostutako baldintza tekniko, ekonomiko eta ingurumen arlokoak betetzen baditu, guk onartuko dugu.

Onartzen bada, Donostiako zaborrak jasotzeko prest egongo al zinateke?

Urola Kostako zabortegia 2016. urtera arte daukagu. Donostialdeko zaborrak jasotzen baditugu, zabortegiaren bizitza izugarri murriztuko litzateke. Prest gaude Donostiako zaborrak jasotzeko, baldin eta gero gure zaborrak beste nonbait tratatuko direla ziurtasuna badugu.

Zenbat murriztuko litzateke zuen zabortegiaren gaitasuna San Markoseko zaborra hara eramanez gero?

Ez dakigu. Hori dena aztertu eta hitzarmen bat egin behar dugu: hau da, zenbat zabor bideratuko den Sasietara, zenbat Lapatzera, eta zenbat Urtetara.

Odon Elorzak dio xantaia egin diozuela.

Hemen arazo larria duena bera da. Berak galdu ditu bi urte, eta orainez du inolako azpiegiturarik bere zaborrak tratatzeko. Guk eskaintza egin dugu: prest gaude bere zaborrak jasotzeko, baldin eta Donostialdeako krisiak ez badu gure eskualdeetan eraginik. Hori ez da xantaia, hori eskaintza solidarioa da. Baina, noski, guk ere bermeak behar ditugu.

Eta hemendik aurrera zer?

Epe motzean bi lan aurreikusten ditut: alde batetik, mankomunitate guztien arteko hitzarmena trantsizio epe honetatik ahalik eta hobekin ateratzeko guztiok, eta, bestetik, kontsorzioa eratzea errauste planta kudeatzeko.

Eta noizko?

Ez dakit, baina ahalik eta azkarren, egoera oso larria delako. Gure zabortegian urtarrilean Donostialdeko zaborrak jaso behar baditugu, egokitzapen batzuk egin beharko ditugu, eta horretarako sei hilabete ditugu bakarrik.

Txingudiko mankomunitatea Donostiako errauste planta erabiltzeko aukera aztertzen ari da. Zer diozu?

Askoz logikoagoa da errauste planta bakarra egitea, bi egitea baino. Beti izan dugu iritzi hori.

Errauste plantek herritarren artean kezka sortzen dute, eta Landarbasoko herritarrak jada aurka azaldu dira.

Kezka sortzen du. Denok nahi ditugu autobideak, baina ez gure etxe aldamenean, eta errauste plantekin gauza bera gertatzen da.





Jose antonio santano Txingudiko mankomunitateko presidentea

«Duela hiru urte ez bezala, orain badirudi akordio politikoa badagoela»

a. solaberrieta

Donostia

Jose Antonio Santano Irungo alkate eta Txingudiko mankomunitateko presidentearen arabera, Donostiako Udalaren proposamenak aurrera egingo balu, zentzuzkoa litzateke Txingudiko zaborrak han tratatzea.

Txingudiko errauste planta bazterrean utzi eta Donostiakoa erabiltzea aztertzen ari zarete. Zergatik aldaketa hori?

Nik uste aldaketa Gipuzkoako aldetik etorri dela. Hiru urteotan bakarrik aritu gara lanean, Gipuzkoan ez zegoelako instituzioen arteko akordiorik hiri hondakinen amaierako tratamendurako. Beraz, aldaketa beste aldean eman da. Badirudi hainbeste ika-mika eta gero, akordioa dagoela alderdi politikoen artean errauste plantaren kokalekuaren inguruan. Alderdi politikoek, udalek eta Diputazioak begi onez ikusi dute. Hori da guk ikusi dugun berrikuntza. Proposatu den kokalekua Gaintxurizketako errauste plantatik oso gertu dago, eta, arrazionaltasun ekonomikotik begiratuta, zentzukoa da guk hausnarketa egitea.

Orain dela hiru urte ez zenuten onartu Gipuzkoa osorako errauste planta bakarra egitea, eta zeuenari eutsi zenioten.

Denborak erakutsi digunez, Gipuzkoan ez zegoen erabakirik hartuta. Aritzetan jartzeko aukera proposatu zen, eta izugarrizko iskanbila sortu zen Donostiako udal taldeen artean. Gipuzkoako planteamendua bakarra bazen ere, ez zegoen ezer zehaztuta. Hiru urte behar izan dira akordioa lortzeko, eta guk ez genuen hiru urte galtzeko aukerarik. Orain ikusten dugu akordioa badagoela, eta gainera, berme politikoa du.

Mankomunitatearen barruan hasi al zarete aukera hori aztertzen ?

Bai, hausnarketa hasi dugu.

Eta noizko aurreikusten duzue har dezakezuela erabakia?

Gipuzkoaren martxaren araberakoa izango da, orain hipotesi bat dena, proiektu bideragarria dela argitzen denean. Donostiako Udalak plenoan hartzen duen erabakia abiapuntu garrantzitsua izango da, eta hortik aurrera ematen diren pausoak gertutik jarraituko ditugu. Ematen diren pausoen arabera hartuko dugu erabakia.

Mankomunitateko gainerako alderdiek zer iritzi dute?

Irungo PP alde dago, baita Hondarribiko EAJ eta EA ere. Beraz, mankomunitatean gehiengoak ikusten du begi onez gure errauste planta bertan behera utzi, eta zaborrak Donostiara eramatea.

Txingudiko errauste plantaren proiektua zein egoeratan dago gaur egun?

Ingurumenean izango duen eraginaren inguruko azterketa onartzeko zain gaude. Oraindik ez dugu lanik eskaini. Beraz, esan dezakegu oraindik ez dugula atzera bueltarik ez duen erabakirik hartu; beraz, beste erabakia hartzeko moduan gaude.

Gaintxurizketako lursailak zuen eskuetan egongo dira dagoeneko.

Bai. Lursail horiek erosita ditugu, baina hori ez da arazo, sal ditzakegulako. Hondarribiko Udalak beste zerbaitetarako erabil ditzake.





Landarbason,

zur eta lur

Errenteriako Zamalbide auzoko herritarrek albistea sorpresaz jaso dutela, eta oso kezkatuta daudela diote. Bihar 16:00etan Donostiako plenora joateko deia egin diete herritarrei.
Agurtzane solaberrieta

Errenteria

Gpuzkoako errauste planten proiektuek hutsak harrotu dituzte herritarren artean, eta azken urte hauetan, herritar ugari ari dira mobilizatzen Foru Aldundiaren eta mankomunitateen asmoen kontra. Horren lekuko dira izandako manifestazio jendetsuak, sinadura bilketak, Zestoan eta Txingudin eginiko herri galdeketak, eta bestelako hamaika ekimen. Azkena igandean Errenteriako Zamalbide auzoan dagoen Liztorretako parkean eginiko elkarretaratzea.

Nagore Lekuona, Antton Retegi, Asier Odriozola eta Uxue Arizmendi Landarbasokoak dira. Zur eta lur geratu dira, batez ere, Landarbasoko ingurua parke naturala delako. Antton Retegik, Egiluze sagardotegikoak, errauste planta Añarbeko urtegitik hiru kilometrora eraikiko dutela nabarmendu nahi izan du. «Donostialdeak horko ura edaten du, eta inguruan dauden erreka guztiak kutsatuko dira». Aiako Harriak parke naturalaren ondo-ondoan dago proposatutako kokagunea, eta han daude Landarbasoko kobazuloak eta trikuharriak: «Aranzadik babesten ditu, eta oraindik Aranzadik ez du ezer esan». Uxue Arizmendik gaineratu duenez, Errenteriako Udalak ingurune hori babesteko diru laguntzak jasotzen ditu Europatik: «Kontraesankorra da. Batetik, ingurune hau babestu behar dela diote, eta izorratu egin nahi dute».

Eurentzat «sorpresa ikaragarria» izan dela diote. «Prentsaren bitartez jakin dugu. Harridura handiz hartu dugu, batez ere entzun dugunean hemen ez dela inor bizi, eta soilik bi baserri daudela», dio Nagore Lekuonak haserre.

Asier Odriozola Landarbason dagoen Larratz baserrikoa da, Donostiako udal teknikariek errauste planta egiteko Landarbason proposatutako beste kokalekuaren aldamenean hain zuzen ere. Odriozolak informazio falta ere salatu du: «Hona ez da inor etorri euren asmoa zein den eta errauste planta bat zer den esplikatzera. Donostian nahi ez dutena, gure etxe ondoan jarri nahi dute». Horretaz gainera, Landarbason zaborren ondorioak dagoeneko asko sufritu dituztela uste dute. Igoin Azpitik gertu dago San Markoseko zabortegia. «Bost kilometroko erradioan, azken 40 urteotan, hiru zabortegi egon dira, Larre-Gainen aurrena, gero Petritegin, eta, hura itxi ondoren ireki zuten San Markosekoa», gogorarazi du Retegik.



«EZ DUGU INON NAHI». Errauste planta egiteko leku bat baino gehiago proposatu izan dira, baina inguruko herritarrak beti aurka azaldu direla gehitu du Retegik. «Inork ez badu nahi, zerbaitegatik izango da. Beste bide bat har dezatela». Nagore Lekuonak herritarrei galdetzeko eskatu du.

Taldea osatzen ari dira eta bihar Donostiako plenora joateko deia egin diete herritarrei.





############

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.