Donostiako sarbideak berritzeko ia 700 milioi euro bideratuko ditu Foru Aldundiak

Martutene-Ospitaleak-A8 bidearen lanen eskaintza zabalduta, amaitutzat jo du plana abiarazteko fasea

Erredakzioa
2007ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak 692.500.000 euro gastatuko ditu Donostiako sarbideak hobetzeko planaren barruan. Egitasmoko errepideetatik bost zabalik daude dagoeneko: A-8 autobideko Intxaurrondo-Pasaia eta Oiartzun-Irun arteko 3.bidea; Errotaburuko biribilgunea; Astigarragako saihesbidea; eta Polloeko tunelaren berrikuntza. Beste bost proiektuetako lanak egiten ari dira egun: Aieteko tunela berritzen ari dira, Pasaiako saihesbidea, Urumeako autobia, Donostiako bigarren ingurabidea, eta A-8ko Aritzeta-Zarautz arteko 3.bidea.

Herrera eta Intxaurrondoko bide adarra egiteko lanak esleituta daude dagoeneko.

Martutene-Ospitaleak-A-8 egitasmoa zen onartu eta gauzatze fasean sartzeko falta zen bakarra. Azken egitasmo horren lanen eskaintza enkantean aterata, sarbideen hobekuntzarako plana abiarazteko fasea amaitutzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bide berrirako eraikuntza egitasmoa bukatzear dagoela azaldu du Foru Aldundiak, eta behin betiko onartu baino lehen jendaurrean ikusgai jarriko dela.

Planean bildutako hamabi egitasmoetatik zazpi Foru Aldundiaren Bide Azpiegiturak-en departamentuaren ardurapean daude, eta gainerako bostak Bidegiren ardurapean.



AZKEN EGITASMOA ZEHAZTUTA. Hain zuzen ere, Bidegik kudeatuko du Martutene-Ospitaleak-A-8 errepide berria. Lanak egiteko 59,6 milioi euro jarriko ditu. Errepidea bi kilometro luze izango da, eta Urumeako autobia, ospitaleak eta A-8 autobidea zuzenean lotuko ditu. Bidearen lotura adarrak 1,8 kilometro izango dira, halaber. Foru Aldundiaren arabera, bide horri esker Donostiako Amara auzoko zirkulazioa arintzea lortuko da. Errepide berriaren eraikuntza lanak udan hasiko dituzte, eta 32 hilabeteko epean bukatuak egotea espero dute.

Urumeako autobideko Martuteneko biribilgunean hasiko da errepidea. Mendebaldera joko du, Loiolako ur araztegiko azpiegituren artean prestatutako korridore batetik. Magal batetik igoko da gero, tunel batetik barrena pasatu eta Illunbe aldera iristeko. Puntu horretan ipar-mendebalderantz joko du ibilbideak, Oriamendiko errepide zaharreraino. Bertan bi galtzadak bereizi egingo dira, aurrerago A-8 autobidearekin batzeko. Illunben lotune oso bat egongo dela azaldu du Aldundiak, errepide berria egun ospitaleetatik Oriamendira doanarekin lotzeko.

Bestetik, aurtengo udan hasiko dituzte Aritzetaren eta Donostiako bigarren saihesbideko Urumeako lotunearen arteko zatiko lanak ere, eta baita Herrera-Intxaurrondo bide-adarrekoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.