Donostiako udal gobernuak (Bildu) Espainiako Gobernuari Zubietako kartzela berriaren lanak ez eteteko eskatu dio baina, aldi berean, "gizatasun arrazoiengatik espetxe handi haren ereduaren" aurka azaldu da, Juan Karlos Izagirre alkateak gaur esan duenez.
Hilaren 2an jakin zen gobernuak behin-behinean utzi egin dituela Zubietako kartzelako lanak, diru faltagatik. Izan ere, murrizketen ondorioz ez luke funtzionario berriak hartzeko baliabiderik izango.
Ricardo Burutaran Udal Hirigintza batzordeburu eta David Rebollo batzordeko zuzendariarekin batera, Izagirrek bilera eduki du goizean Madrilen Espainako espetxeetako azpiegitura eta ekipamenduen elkartearekin, etetearen "benetako ondorioak bertatik bertara" jakiteko asmoz.
Donostiako aurreko udal gobernuak eta Espainiako exekutiboak lotu zuten kartzela berriaren proiektua, horren truke 1.250 etxebizitza egiteko —gehienak babes ofizialekoak eta alokairuan hartzekoak—. Izagirrek azaldu du Udalak goitik behera bete duela hitzarmena. Alde bien artean batzorde bat sortzekotan geratu dira.