Donostiako Udalak eraso sexistarik gabeko Aste nagusi bat "exijitu" du, eta Udaleko Berdintasuneko eta Lankidetzako Atalak horiek saihesteko kanpaina jarri du abian.
Eraso sexistei aurrea hartzeko eta horien aurka borrokatzeko sortu dute kanpaina, eta bi hildo jorratuko ditu: sentsibilizazio kanpaina eta jokabide kanpaina.
Prebentzioari dagokionez, autodefentsa feministako hiri ikastaroak izan dira uztailean, 60 emakumek parte hartu dutelarik. Sentsibilizazio kanpainaren barruan sartzen dira, halaber, banatuko diren paperezko musuzapiak, ezetz da ezetz leloarekin; edaritegi eta txosnetarako itsasgarriak, toki honetan ez da eraso sexistarik onartuko leloarekin; eta neska-mutilentzako material berezia —nola jokatu aholkatuko dieten azalpenak, eskema bat, txapa bat, pegatina bat eta zorro bat—.
Aurtengo berezitasuna mutilentzako abisua izango da.
Era horretara, jendearen jokabidean eragitea espero dute, eta festak errespetuz eta berdintasunez gozatzea.