Donostiako Udalak ez ditu sinatu AHT abiadura handiko trenarentzako lurren nahitaezko desjabetze aktak. Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritzak atzo goizerako deitu zituen Donostiako udaletxera udala bera, eta Hernani eta Astigarraga arteko beste lur jabe batzuk, agiriak sinatzera. Izan ere, tren lasterraren lanak egin asmo duten zati horretan hainbat lur dauzka Donostiak: lursail bat eta bi bide publiko, hain zuzen. Lur horien desjabetze aktak sinatzeari uko egin dio udalak, eta lurretan bertan sinatzeko eskatu dio gobernuaren azpiordezkaritzari.
Udalaren esanetan, azpiordezkaritzak bidali dituen planoak «ez daude eskala egokian». Hori dela eta, oraindik ez dute aukerarik izan proiektuaren ibilbide zehatza ezagutzeko: «Ez dute argitasun nahikoarekin zehazten zeintzuk diren udalari desjabetunahi zaizkion lurrak, ezta horiek nola eragiten dieten bertatik pasatzen diren bide publikoei ere».
Horregatik, Donostiako Udalak sinadura ekitaldia lurretan bertan egiteko eskatu du. Desjabetuko dituzten lur guztien inguruko zalantzak argitu nahi dituzte ezer sinatu aurretik. Udalaren arabera, gainera, ekitaldia lurretan egiteko aukera ematen du legeak.
Protesta, desjabetzeen aurka
Lur desjabetzeen sinadura ekitaldia salatzeko, AHTaren aurkako Donostiako taldeak antolatuta, protesta bat egin zuten atzo goizean udaletxearen aurrean. Hogei bat lagun elkartu ziren, Urumean porlan gehiago ez! AHT Gelditu lelopean egindako elkarretaratzean. Tren lasterraren aurkako oihuak egin zituzten, eta herritarrei eskuorriak banatu zizkieten.
AHTaren aurkako taldearen ustez, Donostiako sarbidea «lehenbailehen» egiteko «inprobisatzen» ari da Espainiako Sustapen Ministerioa, eta Martutene auzoko baserritar kaltetuak «babesgabe» utzi ditu. Azaldu dutenez, lurren desjabetzeak «behin-behineko» egitasmo baten arabera egiteko agindu du ministerioak. Ondorioz, baserri bat botatzekotan dira, hasierako asmoetan ez bazegoen ere.
Martutenen 150.000 metro koadro lur desjabetuko dituzte tren lasterraren lanak egiteko; horietako gehienak baserri lurrak dira. Proiektuak Urumea ibaiari ere kalte egingo diola salatu dute. «Eta hori behin-behineko fasean; ondoren behin betiko proiektua eraikitzeko asmoa dute AHTaren bultzatzaileek, Urumea ibaia eta ibaiertzak erabat suntsituz».
Donostiako Udalak ez du sinatu AHTaren desjabetze aktarik
Sinadura ekitaldia lurretan bertan egiteko eskatu du udalak, informazio «nahikoa» ez dutela iritzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu