Euskal Herria

Donostialdeko Herritarren Batzarra saretu dute

Dozenaka auzo elkartek, gizarte mugimenduk eta herri ekimenek bat egin dute At! sarean.

urtzi urkizu
2013ko apirilaren 13a
18:47
Entzun

'Eraldaketa sozialaren alde. Donostia saretzera goaz' lelopean, At! Donostialdeko Herritarren Batzarra aurkeztu dute gaur eguerdian Bulebarrean. Giro eguzkitsua lagun, jende ugari gerturatu da aurkezpen ekitaldira. Taldeetako hitzekin batera, Sebastopoleko dantzariek, Intxaurtze abesbatzak eta Xabi kantariak jarri dute giroa.

"Eredu kapitalista eta patriarkala herritarrek azken bi mendeetan borroka sozialen eta politikoen bitartez eskuratutako lorpen sozialak deusezten ari dira", salatu du batzarrak agiri batean. "Eraso horren jopuntan izaera orotariko herritarrak gaude: gazteak, langileak, emakumeak, etorkinak pentsiodunak...". Hortaz, Donostialdeko herritar zein gizarte eragileek elkarrekin lan egitea erabaki dute, "beste gizarte eredu bat eraikitzearen alde".

Donostialdeko herri mugimendua indartzea da At!-en helburua: "Talde eta pertsona desberdinen arteko sareak era horizontal batean sortuz eta komunean ditugun helburuetatik abiatuz". Besteak beste, desobedientzia zibila eta intsumisioa izango dira batzarraren tresnak, "kapitalismoari alternatibak eraikitzeko bidean".

Ekitaldian parte hartu dute Bilgune Feministako, Donostiako AHTren aurkako taldeko, Altza 21 herri ekimeneko eta pentsionisten Duintasuna taldeko kideek. Aske Guneko kide Pello Lamarkarenak izan dira azken hitzak. Izan ere, At! plataformako kideek elkartasuna adierazi diete seina urteko espetxe zigorra jaso duten Donostiako gazteei. Ekitaldiaren amaieran, arropa zaharrekin lotutako sare bat eraman zuten Aske Gunera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.