Emakumeen aurkako indarkeria. Babes neurriak

Donostian adingabe batek sexu erasoa salatu du asteburuan

Donostiako Udalak eta Emakundek erabat gaitzetsi dute jazarpena, hamar egunean gertatzen den bigarrena

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Iragan asteburuan, larunbat gauean, sexu erasoa egin ziotela salatu du neska adingabe batek Donostian. Ertzaintzaren aurrean jarri du salaketa, eta Donostiako Udalak gogor gaitzetsi du gertaera. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak adierazi du udalak ez duela batere sexu erasorik onartuko. «Hamar egunean izan den bigarren erasoa da, Aste Nagusian beste adingabe baten aurkako sexu eraso saio izan zelako. Donostiako Udalak bat egiten du erasoa jasan duen neskarekin eta haren senideekin, eta gure laguntza eskaintzen diegu», azaldu du. Ertzaintzak ikerketa abian jarri du zer gertatu zen argitzeko, baina ez du datu gehiagorik eman, oraindik erasotzailearen bila ari delako.

Udaleko alderdi guztietako ordezkariek hartu zuten parte atzo erasoaren aurkako adierazpena plazaratzeko agerraldian: han ziren PSE-EEko Enrique Ramos, PPko Ramon Gomez eta EAJko Eneko Goia zinegotziak, Bilduko alkatearekin eta Naiara Sanpedro Berdintasun zinegotziarekin batera. Izagirrek udalaren izenean jakinarazi zuen sexu erasoen aurka deitutako elkarretaratzeetan parte hartuko dutela; hala egin zuten atzo iluntzean.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, adingabea Donostiako Ospitalean artatu zuten, ohiko protokoloak jarraituz. Hala ere, ikerketa ez oztopatzeko, ez du gertaerari buruz informazio gehiagorik eman.

Emakundek ere gogor salatu du erasoa, eta erabateko babesaazaldu dio adingabeari. «Gizarte osoari dei egiten diogu emakumeen aurkako jazarpenak arbuiatu eta datozen egunetarako herritarrek, gizarte mugimenduek eta feministek deitu dituzten manifestazioetan parte har dezaten». Andreen kontrako erasoak «ekintza bakanak» ez direla azaldu du: «Horrelako indarkeria erakustaldiak gure gizartean oraindik indarrean dagoen emakume eta gizonezkoen arteko bereizkeriaren erakusle argienak dira, eta testuinguru horretan kokatu behar dira, ez gertaera bakartu gisa».

Jaietako erasoak

Eraso salaketa gehiago izan dira azken asteetan. Donostian, 16 urteko gazte batek salaketa jarri zuen, aste nagusian sexu erasoko saio baten biktima izan zela esanez. Haren arabera, Gros auzoan zegoen autobusaren zain, eta motoan zihoan gizonezko batek etxera eramateko eskaintza egin zion, Intxaurrondora. Gazteak onartu egin zuen, baina eskatutako lekura eraman beharrean kale estu bateraino eraman zuen, eta bertan egin zion eraso saioa. Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak jakinarazi zuenez, erasoa ez zuen gauzatu, herritarren laguntzari esker.

Bilboko Aste Nagusian, berriz, gizon bat atxilotu zuten emakume bat bortxatzen saiatu eta lapurreta egitea egotzita. Bilbo Zaharrean izan zen erasoa, ostiralean. Gizonezkoak emakumea jo zuen eta diru zorroa kendu zion. Andrea oihuka hasi zen, eta hurbil zebilen gizon batek aditu zituen haren deiadarrak. Hurbildu zenean gizona uxatzea lortu zuen, eta Poliziari dei egin zion. Ordutegiz kanpo inguruan zebilen polizia batek harrapatu zuen ustezko erasotzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.