galdeketa

Donostian gero eta eragozpen gutxiago galdeketarako

Udalak herri kontsulten araudia izan dezan aurrerapausoa eman dute gaur Bildu, PSE, PP eta EAJk, zuzenketa nagusiak adostuta –ez kasu denetan aho batez–.

enekoitz esnaola
2015eko urtarrilaren 15a
13:23
Entzun

Eremuari dagokionez, bi galdeketa mota antolatu ahal izango dira Donostian, Bildu, PSE eta PPk hitzartu dutenez: hiri osoan eta lurralde eremu txikiagoan –ez dituzte zehaztu eremuak–. Gainera, galdeketak udal eta herri ekinaldikoak izan ahalko dira, lau taldeek diotenez. Bilduk eta PSEk –bien baturak gehiengo osoa du udalbatzarrean– adostu dute udal ekinaldiko kasuetan udalbatzarrak emango duela kontsulta egiteko baimena, eta herri ekinaldiekoetan alkateak, baina aurretik udal taldeak kontsultatuta.

Lau taldeak bat etorri dira kontsultan parte hartzeko gutxieneko adina jartzean: 16 urtetik gorako lagunek bozkatu ahal izango dute. Hiri eremu osoko galdeketak egiteko, haien artean %5en sinadurak beharko dira, gutxienez. Lurralde eremu bateko kasuan, %8renak. Sinaduren puntu hori Bilduk eta PSEk adostu dute. PP eta EAJ bi kasuetarako %10ekoaren alde dira.

Urtero egin ahal izango dira kontsultak; gehienez, bat. PSE, PP eta EAJ etorri dira bat horretan, ez Bildu –urtero gehienez bi egitearen alde da, kontsulta pean gai bat baino gehiago izateko aukera jarrita–.

Pertsonen Zerbitzurako Udal Batzordean bildu dira gaur, Bilduren udal gobernuaren proposamenari PSE, PP eta EAJk aurkeztutako zuzenketak bozkatzeko. Horra bidean zuzenketa gehiago aurkezteko aukera izango dute taldeek. Hilaren 29ko udalbatzarrean onartuko balute, herritarrek eta elkarteek alegazioak egiteko epe bat izango lukete, eta araudiak martxoko edo apirileko udalbatzarrean jasoko luke betiko balekoa. Hala balitz, herri galdeketen araudi bat lukeen lehen euskal udala litzateke Donostiakoa.

Axier Jaka Udal Partaidetza batzordeburuaren (Bildu) arabera, “orain garrantzitsuena araudia onartzea da, herritarrek tresna hori izatea, eta joango gara gero hobetzen”. Beste hiru taldeek ere adostasunerako borondatea agertu zuten gaurko bileraren aurretik.

Udal gobernuak iazko azaroan eman zion arautegiari onarpena. Ekainean, Gizarte Eztabaidako Taldea osatu, eta hark oinarrizko dokumentua egin zuen. Urrian eta azaroan udal taldeek, aholkularitza juridiko batekin, idatzia aztertu zuten. Zuzenketak bozkatu dituzte orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.