Donostia atzean utzi du Korrikak gauerdia baino lehenxeago, eta Oiartzualderako bidea hartu du. Pasai Antxon sartu da Altzatik barrena, eta eskualde horretan jarraituko du ordu batzuetan.
Jende mordoa izan du jarraitzaile Korrikak Donostiako auzo guzti-guztietan. Parte Zaharrean Jose Luis Alvarez Enparantza Txilardegi omendu dute, eta Egian, Joxemi Zumalabe. 19:00ak aurretik sartu da Korrika Donostian, Martutene aldetik, eta 23:55 inguruan atera da Pasaia aldera.
Azken orduetan da Korrika. 11:00ak aldera sartuko da Baionara, eta 12:30ean amaituko du ibilbidea. BERRIA Taldeak azken kilometroetako bat erosi du, eta 12:00etan hartuko dute lekukoa Joanmari Larrarte kontseilari ordezkariak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak.
Lekukoa helmugara iristen denean zabalduko dute, eta orduantxe irakurriko dute Edurne Brouardek martxoaren 14an Andoainen sartu zuen mezua.