Politika

Donostian liskarrak egon dira Ertzaintzaren eta manifestari batzuen artean

Herrizaingo Sailak ere debekatu egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak-en Belodromoko ekitaldia. Jendetza bildu da, hala ere, Anoeta estadio parean, eta milaka lagunek manifestazioa hasi eta ertzainek eragotzi ondoren, errepidean eseri dira. Gero hasi dira liskarrak, Amara auzoan. Olanok dio "proposamen politikoa" hurrena plazaratuko dutela eta Zapaterori eskatu dio "prozesua hipotekatuko lukeen erabaki azkarregirik ez" hartzeko. Guardia Zibilak lagun bat atxilotu du Galarretan, kontrolean.

2007ko urtarrilaren 6a
19:25
Entzun
Amnistiaren Aldeko Mugimenduko (AAM) kideek ezin izan dute 'Hitza eta erabakia, askatasunez' lelopean Donostian Belodromo barruan edo kanpoan gaurko iragarrrita zuten ekitaldia egin, bi aldiz debekatu dietelako. 18:00ak aldera manifestazioari ekin diote Anoeta estadiotik milaka lagunek, 'Baldintza demokratikoak Euskal Herriarentzat' lelopean, eta Ertzaintzak eragotzi egin du, manifestazioa "legez kanpokoa" dela esanda; ehun bat ertzainek Madril Etorbidean lerroa osatu dute. Manifestariak errepidean eseri dira. Ertzainek alde egiteko hamar minutuko epea eman diete, eta gero beste bostekoa. Juan Mari Olano AAMko kideak bukatutzat emateko esan du, 'Eusko gudariak' abestuta. Ondoren, baina, liskarrak hasi dira, lagun batzuk ertzainengana hurbiltzean eta hauek pasatzen ez uztean.

Tensio une handiak bizi izan dira. Jendeak, batik bat, "EAJ espainol" oihukatzen zuen eta ertzainak goma-pilotak botatzen hasi dira. Orain dela gutxitik normaltasuna dago. 200 bat lagunek, berriz, Amara Plaza parean bidea moztu dute eta ertzainak hara ere agertu dira; normaltasuna dago orain han.

Anoeta estadio inguruan nahaste handia egon da, liskarrak zeuden garaian futbol jarraitzaile asko estadiora joan nahian ibili direlako, 20:00etan Reala-Osasuna partida dagoela-eta.

Guardia Zibilak, berriz, AAMko eledunak kontrolean geratu egin ditu Hernanin, Galarretan, haiek Donostiara autobusean zihoazela, nazioarteko ordezkaritza zabal batekin batera. Ezin izan dute garaiz iritsi Belodromora eta liskarrak hasita zeudela heldu dira Anoeta estadio ingurura. Guardia Zibilak kontrol hartan lagun bat atxilotu duela esan dute: Sebastian Dedoured, Txapalarta Parisko irratiko arduraduna.

Galarretako kontrola zela-eta, Olanok hartu du haien izenean hitza manifestazioa hastean -"Galaterran bahituta dituzte!"- eta esan du gaur ezin izan dutela "proposamen politikoa" aurkeztu, "baina Euskal Herriari plazaratuko diogu hurrengo batean, erantzukizun politikoagatik eta ezagutzera emateko". Jose Luis Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari esan dio "prozesua hipotekatuko lukeen erabaki azkarregirik ez" hartzeko. Goizean AAMeko kideek nabarmendu dute gaurko ekarpenak "izugarrizko garrantzia" zuela.

Atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak debekatu zuen ekitaldia, "atzean" Askatasuna legez kanpo joa duten elkartea dagoelakoan. Gaur goizean, berriz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu du aurreneko debekuaren ondoren Belodromo kanporako eginda zegoen deialdia, Moreno epailearen arrazoiak jarraituz, epaileak esan zuelako ezin dela "ordezko" ekitaldirik antolatu. Ertzaintzak Belodromo ingurua dena itxi eta ekitaldia egitea eragotzi du.

AAMk 2006ko abenduaren 6an aurkeztu zuen ekitaldia, Eguberrietarako antolatu zituen beste hainbat mobilizazioren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.