Leire mendilerroko (Nafarroa) Arangoiti gainetik (1.355 metro) abiatu ziren delta hegoan atzo eguerdiko ordubi eta erdiak pasatxo zirela Kepa Sanzberro 52 urteko donostiarra eta Jose Miguel Piñedo Iriarte 44 urteko zangozarra. Gidari zihoan Sanzberro, eta harekin batera Piñedo. Zenbait iturriren arabera, delta hegoko trebatzailea zen Sanzberro eta Piñedo haren ikaslea.
Nolanahi ere, delta hegoa mugimendu arraroak egiten hasi zela ikusi zuten haien kideek, eta baita nola erortzen zen ere. Era berean, Usun (Nafarroa) inguruan paseatzen zebilen lagun batek delta hegoaren amiltzea ikusi zuen 14:50 aldera, eta Sos Nafarroari eman zion abisua. Larrialdi zerbitzuetako kideak helikoptero bidez iritsi zirenerako Kepa Sanzberro hilda zegoen. Jose Miguel Piñedo, berriz, zaurituta aurkitu zuten; besteak beste, bernazurra hutsita zuten. Iruñera, Nafarroako Ospitalera, eraman zuten segituan.
Sanzberroren kideek agertu dutenez, delta hegoan ibiltzea zen haren zaletasun nagusia, eta oso ondo ezagutzen zuen istripua izan zuen lekua. Hain zuzen ere, asteburuero joan ohi zen Leire eta Irunberri ingurura; areago, delta hegoan ibiltzeko zaletasunaren ondorioz, etxea zeukan Esan (Nafarroa).
Istripua
Donostiar bat hil da Usunen delta hegoarekin amilduta
Kepa Sanzberrok 52 urte zituen, eta esperientzia handia delta hegoarekin. Harekin batera zihoan Zangozako (Nafarroa) Jose Miguel Piñedo Iriarte zauritu egin zen. Lehen ikerketen arabera, hegoaren akats mekaniko batek eragin zuen istripua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu